“Entra en la vida” bideokliparen aurkezpena, gaur Ikasgelategiko kafetegian. Irudian, Íñigo Porres eta Idoya Aranaz Berdintasun teknikaria.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak bat egin du gaur Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, “Sartu bizitzan” bideokliparen jendaurreko aurkezpenarekin. Iñigo Porres EAZLko eta Zuzenbideko titulazio bikoitzeko 5. ikasmailako ikasleak eta Iñigo Garcíak asmatu dute bideoklipa. “SeeYou” taldearen kideak dira biak. Bideoklipak, upntatv (http://upnatv.unavarra.es) kanalean eta Tuenti sare sozialean 12.000 aldiz ikusi denak, kontzientzia hartzera bultzatu nahi ditu ikasleak eta unibertsitate komunitateko gainerako kideak genero indarkeriaren aurka.
Aurkezpena gaur egin da goizeko 11:30ean Ikasgelategiko kafetegian. Orain dela hilabete batzuk bururatu zitzaien bideoklip hau sortzeko ideia Iñigo Porres eta Iñigo Garcíari, genero indarkeriaren aurkako mezua egiteko musikaren bidez, ikus-entzunezko mintzaira informala erabiliz. Proposamena Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegira iritsi zen, eta ikastegiak erabaki zuen proiektua babestea ikasleen ikus-entzunezko ekimenak sustatzeko daukan politikaren barruan.
Arrosadiko Campuseko hainbat tokitan grabatu da bideoklipa, besteak beste, Ikasgelategiko teilatuan eta NUPeko telebista-estudioan, bai eta Iruñeko erdialdeko eta Mutiloako saltegi batzuetan ere. María Chocarro, Xabier Díaz eta Mikel Aingeru Arrastiak osatzen dute aktore taldea.
Bideoklip honen aurkezpenarekin amaitu da Gizarte eta Kultura Ekintzarako Errektoreordetzak, Berdintasunerako Unitatearen bidez, sentsibilizazioa lantzeko antolatu duen jardueren astea.
Egun hauetan, Ikasgelategiko atalondo nagusian adierazpen libreko panel bat egon da, honako lelo hau duena: “Gogoratu: esan ez genero indarkeriari” eta ikasleek emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko aukera izan dute bertan.
Bestalde, Cristina Saucedo Berdintasunerako Estatu Idazkaritzako Azterketetarako eta Kooperaziorako zuzendariorde nagusiak hitzaldi bat eman zuen Unibertsitatearen Berdintasunerako Batzordearen esparruan. Batzorde hori administrazio eta zerbitzuetako hainbat langilek eta irakasle eta ikertzaileen hainbat ordezkarik osatzen dute.
Saio horretan, Unibertsitatearen Berdintasunerako Unitateak balantze bat egin zuen aurreko ikasturtean sentsibilizazio gaietan, erakundearen komunikazioan, eta familia bizitza eta lana bateragarri egiteko garatutako jardueren inguruan, eta aurreratu zuen III. Berdinatsunerako Planaren idazketa amaitzear dagoela eta jazarpenari aurrea hartzeko protokoloa ere prestatzen ari direla.