Joan eduki nagusira

“Norberaren irudiaren babes juridikoa" da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatuta, azaroaren 25ean eta 26an garatuko den 2010 Azterketa jardunaldietako bederatzigarren edizioaren izenburua. Arteak eraikineko Ada Byron Aretoan egingo den topaketa honen xedea da foroa izatea, profesionalen eta gaiarekiko interesa dutenen artean, diziplinarteko ikuspuntuarekin aztertzeko gizartean eragin nabarmena duen gai hau. Guztira lau saio programatu dira eta, horietan, norberaren irudiaren babes juridikoa aztertuko da ikuspuntu penaletik, zibiletik, lanaren arloko ikuspuntutik eta ikuspuntu konstituzionaletik.

Jardunaldietarako izen ematea doakoa da, baina postuen kopurua murriztua da. Erreserba azaroaren 23ra arte egin daiteke. Interesa dutenek ondoko webgunean aurkituko dute izena emateko orria eta informazio gehiago: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.

Norberaren irudiaren babes juridikoaren eremuan jarduten duten profesionalei, komunikabideekin lotutako enpresa eta profesionalei, elkarteei, sindikatuei, ikasleei eta gaiarekiko interesa duten guztiei zuzenduta daude jardunaldiak.

2010 Azterketa jardunaldiak bi saiotan egituraturik daude. Heldu den osteguneko saioan, azaroaren 25eko arratsaldeko 19:45ean hasiko da egitaraua, NUPeko Zuzenbide Penaleko irakaslea den Inés Olaizolak emango duen hitzaldi batekin, non irudiaren babes juridikoaren edukiak eta mugak aztertuko baititu. “Norberaren irudiaren eskubidearen lan arloko inplikazioak” da bigarren hitzaldiaren izenburua, eta Elisa Sierra NUPeko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasleak emango du. María Luisa Arcos Azterketa jardunaldietako zuzendaria izango da lehen saioaren moderatzailea.

Bigarren saioa biharamunean, azaroaren 26an, izango da eta norberaren irudiaren eskubideari buruzko alderdi zibilak aztertuko dituen hitzaldiarekin hasiko da. Francisco de P. Blasco Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko katedradunak emango du. Ondoren, Marc Carrillo Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna “Norberaren irudiaren eskubidearen dimentsio konstituzionala”ri buruz mintzatuko da. Moderatzailea José Luis Goñi Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa izango da.