Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur, osteguna, azaroak 18, bideoklip bat aurkeztu du, ikasleek eta unibertsitate komunitateko gainerako kideek genero indarkeriaren aurka kontzientzia hartzea lortu nahi duena. Bideokliparen izenburua da “Sartu bizitzan”, eta Iñigo Porres EAZLko eta Zuzenbideko titulazio bikoitzeko 5. ikasmailako ikasleak eta Iñigo Garcíak asmatu dute bideoklipa. “SeeYou” taldearen kideak dira biak. Ekimen hau zuzendu eta gauzatzeko ardura izan dute NUPeko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko teknikariek eta Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa, Soinua eta Irudia espezialitatea, egiten ari diren ikasleek. Bideoklipa hiru minutukoa da gutxi gorabehera, eta helbide honetatik jaits daiteke: http://upnatv.unavarra.es/es/arte/entra-en-la-vida
Azaroaren 25ean Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Berdintasunerako Atalak programatutako jardueretako bat da bideoklipa. Camino Oslé Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak gaur aurkeztu du programa hau, eta aurkezpenean izan dira berarekin bideokliparen bi zuzendariak, Iñigo Porres eta Gorka Larralde, azken hau Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko teknikaria.
Orain dela hilabete batzuk bururatu zitzaien bideoklip hau sortzeko ideia Iñigo Porres eta Iñigo Garcíari, genero indarkeriaren aurkako mezua egiteko musikaren bidez, ikus-entzunezko mintzaira informala erabiliz. Proposamena Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegira iritsi zen, eta ikastegiak erabaki zuen proiektua babestea ikasleen ikus-entzunezko ekimenak sustatzeko politikaren barruan.
Arrosadiko Campuseko hainbat tokitan grabatu da bideoklipa, besteak beste, Ikasgelategiko teilatuan eta NUPeko telebista-estudioan, bai eta Iruñeko erdialdeko eta Mutiloako saltegi batzuetan ere. María Chocarro, Xabier Díaz eta Mikel Aingeru Arrastiak osatzen dute aktore taldea.
Lantegiak, hitzaldiak eta erakusketa
Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektorerdetzako Berdintasunerako Unitateak jarduera programa zabala prestatu du Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko. Lehenengo jarduera bihar, ostirala, urriaren 19an egingo da, eta Cristina Saucedo Baro Berdintasunerako Estatu Idazkaritzako Azterketetarako eta Kooperaziorako zuzendariorde nagusiak hitzaldia emango du. Hitzaldiaren izenburua da “Berdintasuna, emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko: praktika onak unibertsitateetan”, eta Administrazio eta Kudeaketa eraikineko Batzar-gelan egingo da 9:00etan.
Bestalde, azaroaren 22tik 25era bitartean, adierazpen askeko panel hau jarriko da Ikasgelategiko sarrera gelan: “Gogoratu: esan EZ genero indarkeriari”. Ikasleek izurri sozial honen aurkako arbuioa erakusteko aukera izango dute panel honetan, eta pin more batzuk eskuratu ahalko dituzte, emakumeen aurkako genero-indarkeria arbuiatzeko.
Elena Simón hezkidetzan adituak lantegi hau emango du halaber: “Tranpak egiten dizkigute ala geure buruari egiten dizkiogu tranpak?: Eredu, mezu eta tranpa sexistak”. Lantegia ikasleei zuzentzen zaie, eta azaroaren 24an, asteazkenean, 12:00etan egingo da Ikasgelategiko 214. ikasgelan.
Jarduera-programa bukatzeko, azaroaren 25ean, ostegunean, 11:30ean ofizialki aurkeztu eta proiektatuko dute Ikasgelategiko kafetegian “Sartu bizitzan” bideoklipa.