Joan eduki nagusira

zoom Javier Casalí Taiwaneko ordezkariekin eta jardunaldietako arduradunekin.

Javier Casalí Taiwaneko ordezkariekin eta jardunaldietako arduradunekin.

Txinatar Munduari buruzko V. Jardunaldiek Nafarroari erakutsiko diote Taiwaneko errealitatea argazki erakusketa baten, hitzaldien eta zinema-emanaldien bidez. Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sareak antolatu ditu jardunaldiak. Entitate hori 2007an sortu zen eta honako erakunde hauek osatzen dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Gizarte Ikerketak Sustatzeko Institutua (IPES) eta Food & Urban Development Engineering SL (FUDE), Txinako gaietan espezializatutako enpresa.

“Taiwan, beste errealitate bat” izenburua duten V. Jardunaldi hauek erakutsi nahi dituzte Japoniaren eta Filipinen artean dagoen eta 23 milioi biztanle eta Suitzaren antzeko eremua dituen uharte honetako eguneroko bizitza eta bitxikeriak. Bere izen ofizialak Txinako Errepublika izaten jarraitzen du, eta bere gobernuak uhartera ihes egin behar izan zuen 1949an, komunisten aurkako porrotaren ondoren. Harrezkero harreman tirabiratsuak izan dituzte Txinako Herri Errepublikak eta Taiwanek. Badirudi bi herrialdeek harremanak hobetu dituztela, azken boladan sinatu duten Ekonomia Lankidetzarako Esparru Hitzarmenari esker.

Azaroaren 12an, ostiralean, hasiera emango zaio programari honako erakusketa hau irekitzen denean: “Sublime Taiwán”. Erakusketa zabalik egongo da 2010eko abenduaren 12ra arte Ziudadelako Arma Aretoko txapitulan. Itzal handiko lau artista taiwandarren argazki erakusketa bat da, eta uhartearen aberastasuna erakusten dute hainbat ikuspegitatik. Erakusketaren inaugurazio-ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta han izango dira Javier Casalí Nazioarteko Harremanetarako errektorea eta Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sarearen lehendakaria, Javier Ching-shan Hou Taipeiko –Taiwaneko hiriburuko– Ekonomia eta Kultura Bulegoaren ordezkaria eta Paz Prieto Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia.

Hitzaldiak eta taiwandar zinemaren emanaldiak hurrengo astean egingo dira. Lehen hitzaldia azaroaren 15ean, astelehenean, 10:30ean egingo da Nafarroako Merkataritza Ganberan, eta bere izenburua izango da ”Negozio eta inbertsio aukerak Taiwanen”. Phyllis Jan Taiwán Trade Center Barcelonako zuzendariak azalduko ditu uharte honetako ekonomiaren alderdi orokorrak eta Espainiarekin dituen alde biko harremanak. Bigarren hitzaldiaren izenburua da “Konfuzionismoa, giza eskubidea eta demokrazia”, eta Kondestable jauregiko Civivoxen egingo da astelehenean, 19:30ean hasita. Mario Esteban Espainiako Kanpo Politikarako Behatokiko Asia-Ozeano Bareko adituen taldeko koordinatzaileak gogoeta egingo du legatu konfuziarrari buruz eta Txina, Taiwan eta mendebaldeko herrialdeen artean giza eskubideei buruz dauden ikusmolde desberdinei buruz. Bi hitzaldietarako sarrera doan da, aretoa bete arte.

Txinatar Munduari buruzko V. Jardunaldiak osatzeko, bi film proiektatuko dituzte Kondestable jauregiko Civivoxen. Lehenengo filmaren izenburua da “Yang Yang- so, you speak French?”, Cheng Yu-Chieh errealizadorearena, eta Berlingo Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zen 2009an. Filma 19:00etatik aurrera ikusi ahalko da, eta Berta Bernarte IPESeko Nazioartea eta Giza Eskubideak Arloko irakasleak aurkeztuko du. Bigarren filma Kondestablea Civivoxen proiektatutko da asteazkenean, 19:00etan hasita, eta Andrés Herrera Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sarearen kideak aurkeztuko du. Filmaren izenburua da “Hai Jiao Qi Hao”, Te Sheng-wei zuzendariarena da, eta 2008ko Oskarretarako aukeratu zuen Taiwanek. Sarrera doan da.

Txinatar Munduari buruzko V. Jardunaldien programa osoa ondoko helbidean kontsultatzen ahal da: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos


Bilera Unibertsitatean


Jardunaldi hauen barruan eta Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sareak bultzatuta, Javier Casalí Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak bilera izan du gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoan Javier Ching-shan Hou Taipeiko –Taiwaneko hiriburuko– Ekonomia eta Kultura Bulegoaren ordezkariarekin. Bileran, hizpide izan dituzte NUPek herrialde honekin dituen harremanak unibertsitate batzuetan antolatutako ikasleen trukeen eta ikerketa-egonaldien bidez. Casalik Espainian Taiwanek duen ordezkari diplomatiko gorenari adierazi dio prest dagoela lankidetzan jarduteko eta harremanak egiteko NUPek bere indarguneak eskain diezazkiekeen Taiwango unibertsitate eta teknologia zentroekin.

Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sarea 2007an sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, IPESen eta Federen eskutik, denen artean Txinaren eta Nafarroaren arteko harremanak garatzen laguntzeko helburuarekin. Zehazki, Sare honen xede eta helburuak lau lan-lerrotan bil daitezke: txinatar munduko aldaketa-prozesuak aztertzea; hezkuntza, ekonomia eta kultura trukeak sustatzea; garapenerako lankidetza; eta prestakuntza eta hedapena, Espainiaren –batez ere, Nafarroaren– eta Txinatar munduaren arteko ezagutzara, elkarrizketara eta harremanak sustatzera zuzenduak. Jardun honekin, nafar gizartea prestakuntza-arloetan, ezagutza bestetaratzeko arloetan eta ikasleen trukerako arloetan Txinari hurbiltzeko ekimenen lidergoa bere gain hartu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak.