Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera María José Asiáin, Elena Torres eta Mª Luisa Arcos, lehiaketaren inaugurazio ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera María José Asiáin, Elena Torres eta Mª Luisa Arcos, lehiaketaren inaugurazio ekitaldian.

“Ikastetxeetan erabiltzen den janzkera arautu behar al da?”. Iruñeko eta Iruñerriko hamalau institututako 70etik gora ikaslek gai honi buruz eztabaidatuko dute gaurtik aurrera, ostirala, azaroak 5, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatu duten Batxilergoko I. Eztabaida Torneoan. Torneoa gaur inauguratu da aurkezpen ekitaldi bat eginez ikasleei. Ekitaldian parte hartu dute Elena Torres Miranda Parlamentuko lehendakariak, María José Asiáin Ollo Irakasleen errektoreordeak, eta Unibertsitatean Eztabaida koordinatzeko errektoreak izendatutako Mª Luisa Arcos Vieira irakasleak.

Batxilergoko Eztabaida Torneoa sortu da Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak azken urteotan unibertsitateko ikasleen artean, arrakasta nabarmenarekin, sustatzen duten eztabaida jardueraren hedapen gisa. Kasu honetan, Nafarroako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da torneoa. Horrela aukera ematen zaie ikasleei hainbat trebetasun garatzeko, esate baterako, jendaurrean hitz egitea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudiatzea. Trebetasun horiek ikasleen prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, Graduko unibertsitate ikastekin lotutako zeharkako gaitasun batzuk eratzen dituzte.

Ikastetxeetako janzkera da lehiaketaren lehen ediziorako hautatu den gaia. Ikasleen artean interesa pizten duen gaia da eta oso erabilgarria izan daiteke haiei azaltzeko eztabaida zer den eta nola ikertu behar den, eta ikuspuntu bat nola defenditzen den.

Lehiaketa eta taldeak

zoom Ikasle bat haren argudioak azaltzen, kideen eta epai-mahaikoen aurrean.

Ikasle bat haren argudioak azaltzen, kideen eta epai-mahaikoen aurrean.

Batxilergoko Eztabaida Torneoan bi zati daude. Lehenbizikoan, ikasleek prestakuntza lantegi batean parte hartu zuten. Bertan, esperientzia luzea duten profesionalek jarraibideak eman zizkieten eztabaidarako oinarrizko teknikei buruz. Halaber, haiekin batera landu zuten lehiaketarako aukeratu den gaia. Lehiaketa fasea gaur hasi da eta bihar arratsaldean amaituko da, azken eztabaidarekin eta sarien banaketarekin.

Taldeak hiru multzotan banatu dira. Lehenbizikoa, honako hauek osatzen dute: Miravalles ikastetxea, Escolapios, San Ignacio, San Cernin eta Hijas de Jesús ikastetxea. Bigarrena, honako hauek osatzen dute: Santa Teresa de Jesús ikastetxea, San Fermin Ikastola, Irubide, Plaza de la Cruz BHI eta Basoko BHI. Hirugarrena, honako hauek osatzen dute: Barañain BHI, Irabia ikastetxea, Liceo Monjardín eta El Redín ikastetxea.

Lehiaketaren mekanika Unibertsitateko Eztabaida Ligarako aurreikusten denaren antzekoa da. Batxilergoko 2. mailako bost ikaslez osatutako taldeak aldez aurretik zozketatuko diren aurkako jarrerak defendituz lehiatuko dira. Hitz egiteko txandak itxiak izango dira lau txandatan (hasierako azalpena, bi eztabaida txanda eta ondorioak), eta iraupena 24 minutukoa izango da, gehienez ere.

Epaimahaia NUPeko irakasleek eta antolatzaileek gonbidatutako pertsonek osatzen dute. Epaileek balioetsiko dituzten alderdiak dira, besteak beste, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, hizlarien naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ahotsa zein isiluneak menderatzea, hizkera aberatsa eta egokia eta taldearen jokaera.

Gaurko saioan torneoaren lehen sailkapen fasea garatzen ari da. Puntuaziorik handiena ateratzen duten zortzi taldeek, bihar, azaroaren 6an, larunbatean, lehiatuko dute final laurdenak, finalerdiak eta finala. Bai finalerdia bai finala Sario eraikineko 04. gelan egingo dira arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Lehiaketa sarien banaketarekin eta itxiera ekitaldiarekin amaituko da.