Joan eduki nagusira

zoom ezkerretik eskuinera, Juan Antonio Nazabal, Carlos Fernández, Ignacio Matías eta Francisco Javier Falcone

ezkerretik eskuinera, Juan Antonio Nazabal, Carlos Fernández, Ignacio Matías eta Francisco Javier Falcone

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek gaur, osteguna, hilak 4, aurkeztu du azterketa bat teknologia domotikoan hari gabeko gailuak ezartzearen aldeko apustua egiten duena eraikin-etxebizitzen ezaugarri eta zerbitzuak hobetzeko. Lanaren helburua da beste urrats bat ematea “etxe digital” kontzeptuan –orain etxebizitzetan hobekuntzak egitea ahalbidetzen du argiztatzeari, energia kudeatzeari, segurtasun sistemei edo urrutiko kontrolekoei dagokienez–, “etxe jakituna” deitzen den hori lortzeko. NUPeko ikertzaileek proba pilotua egin dute, eta kablearen bidezko teknologia domotikoko sare bat hari gabeko beste batekin integratu dute, sarea plataforma beretik kontrolatzeko.

Aurrerabide hau oinarri gisa erabil daiteke nabarmen handiagotzeko etxebizitzei buruzko informazioa eman dezaketen gailuen kopurua. Teknologia honek bilatzen du etxeak “adimendunak” izatea ez ezik, “jakitunak” edo “ingurumen adimendunak” izatea, esaterako, jabearen aldarteari antzeman, bere mugimenduak aurresan edo bere eguneroko ohiturak ikas ditzan.

Azterketa gaur aurkeztu dute KNX Scientific Conference Nazioarteko Biltzarrean, eta han ehundik gora adituk ezagutzera emango dituzte etxebizitza adimendunei buruzko aurrerakada nagusiak. Biltzarra gaur eta bihar egingo da Sario eraikineko 04. ikasgelan. Bertan bilduko dira domotikaren sektorean jarduten duten enpresetako, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako ikertzaileak, gehienbat Alemaniatik, Belgikatik, Frantziatik, Italiatik edo Austriatik etorritakoak.

Espainian estreinakoz programatu den topaketa hau orain dela hamar urte baino gehiago egiten da, eta bertan biltzen dira KNX munduarekin lotutako ikertzaileak. Izan ere, domotika kontzeptua aplikatzen zaien eraikin eta etxebizitzetarako instalazioen kudeaketa sistema eta kontrol unibertsalerako erabiltzen den fabrikatzaileen munduko estandar libre eta independentea da KNX. Domotika kontzeptu horri “eraikin adimenduna” edo “etxebizitza digitala” izenak ere ematen zaizkio. Gaur egun, ehun enpresatik gora daude mundu osoan KNXek ziurtatutako milaka produktu merkaturatzen dituztenak. Produktu horiek etxebizitzen eta eraikinen barrualdean argiztatzearekin, segurtasun sistemekin, urrutiko kontrolarekin edo energiaren kudeaketarekin lotuta daude.

Kablearen bidezko sare bat eta hari gabeko bat lotzea

NUPeko ikertzaileek aurkeztutako ikerketa lana honetan datza: KNX kablearen bidezko sarea hari gabeko beste sare batekin integratzea, ZIGBEE izenekoa eta bluetooth-aren antzekoa den irratiaren bidezko komunikazio sistema estandarra. Hari gabeko teknologia hau dagoeneko erabiltzen da domotikan, baina egun aplikazio komertzial gutxi ditu. Gailu hauen hari gabeko konexioaren bidez sareak etxebizitza bati buruz ahalik eta informaziorik zabalena izatea lortu nahi da, erabiltzaileen beharrei era adimentsuan erantzun diezaien.

zoom Biltzarreko partehartzaileen argazkia

Biltzarreko partehartzaileen argazkia

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ikerketa talderen lankidetzaren arteko emaitza da azterketa. Komunikazio Optikoei eta Aplikazio Elektronikoei buruzko Ikerketa Taldea eta Komunikazio, Seinale eta Mikrouhinei buruzko Ikerketa Taldea dira. Zehazki, autoreak hauek dira: Ignacio Matías, Teknologia Elektronikoko katedraduna; Carlos Fernández Valdivielso, Teknologia Elektronikoko irakaslea; Juan Antonio Nazabal, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko irakaslea; Francisco Javier Falcone, Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako irakaslea; eta Víctor Torres eta Jorge Becerra ikertzaileak.

Ikertzaile hauetako batzuek egin dute, halaber, NUPek biltzar honetan aurkeztu duen bigarren lana. Zuntz optikoko sentsoreak KNX instalazio batean integratu eta urrutitik motorizatzeko proiektua da, eta Trabajos Catastrales SA (Tracasa), Gamesa Innovation Technology eta Opnatelen egoitza nagusia dagoen eraikinean ezarri zen. Ikerketa lan honek lortu du aurten Arkitektura Jasangarriaren arloko lan hoberenaren saria Domotikako KNX lehiaketan. Autoreak hauek dira: Manuel López Amo, Teknologia Elektronikoko katedraduna, Carlos Fernández Valdivielso, Francisco Javier Falcone eta Juan Antonio Nazabal.

Saria lan zientifiko hoberenari

KNX Scientific Conference Nazioarteko Biltzarra ostiral eguerdian amaituko da Nafarroako Parlamentura bisita eginez. Izan ere, Parlamentuaren eraikinak KNX instalazioa dauka baliabideak hoberentzeko eta energia aurreztea sustatzeko. Foru Ganberaren egoitzan KNX 2010 (KNX Scientific Award 2010) lan zientifiko hoberenarentzako saria, 3.000 eurokoa, emateko ekitaldia egingo da. Saria emateko ekitaldian egongo dira Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Godehardt Schneider KNX Elkarteko lehendakaria.