Joan eduki nagusira

Ehun bat adituk parte hartuko dute azaroaren 4an eta 5ean Nafarroako Unibertsitate Publikoan etxebizitza adimendunei buruzko aurrerapen zientifiko nagusiak aurkeztuko diren nazioarteko biltzar batean. KNX Scientific Conference Nazioarteko Biltzarra Sario eraikineko 04. gelan egingo da. Bertan bilduko dira domotikaren sektorean jarduten duten enpresetako, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako ikertzaileak, gehienbat Alemaniatik, Belgikatik, Frantziatik, Italiatik edo Austriatik etorritakoak.

Biltzar hau antolatzeaz arduratu dira Carlos Fernández Valdivielso Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknologia Elektronikoko irakaslea, eta Godehardt Schneider KNX Elkarteko lehendakaria. Elkarte honetan biltzen dira teknologiaren sektore honetan jarduten duten 200 konpainiatik gora.

Espainian estreinakoz programatu den topaketa hau orain dela hamar urte baino gehiago egiten da, eta bertan biltzen dira KNX munduarekin lotutako ikertzaileak. Izan ere, domotika kontzeptua aplikatzen zaien eraikin eta etxebizitzetarako instalazioen kudeaketa sistema eta kontrol unibertsalerako erabiltzen den fabrikatzaileen munduko estandar libre eta independentea da KNX. Domotika kontzeptu horri “eraikin adimenduna” edo “etxebizitza digitala” izenak ere ematen zaizkio. Gaur egun, ehun enpresatik gora daude mundu osoan KNXek ziurtatutako milaka produktu merkaturatzen dituztenak. Produktu horiek etxebizitzen eta eraikinen barrualdean argiztatzearekin, segurtasun sistemekin, urrutiko kontrolarekin edo energiaren kudeaketarekin lotuta daude.

Biltzarra domotikan jarduten duten Siemens, ABB edo Hager bezalako munduko konpainia handienetako KNX arloan I+Gko arduradun goren direnen topagune bat da. Gainera, parte hartzaileen artean lankidetzak eta itunak ezartzeko aukera ona da biltzarra: industria sektore honetan sartzen diren enpresen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen artean, alegia.

Saria lan zientifiko hoberenari

Topaketa ostiral eguerdian amaituko da Nafarroako Parlamentura bisita eginez. Izan ere, Parlamentuaren eraikinak KNX instalazioa dauka baliabideak hoberentzeko eta energia aurreztea sustatzeko. Foru Ganberaren egoitzan KNX 2010 (KNX Scientific Award 2010) lan zientifiko hoberenarentzako saria, 3.000 eurokoa, emateko ekitaldia egingo da. Saria emateko ekitaldian egongo dira Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Godehardt Schneider KNX Elkarteko lehendakaria.