Joan eduki nagusira

zoom NUPen taldea Allcañizko zirkuituan, joan zen urriaren 2an proiketurik onenaren saria jaso eta gero.

NUPen taldea Allcañizko zirkuituan, joan zen urriaren 2an proiketurik onenaren saria jaso eta gero.

Ingeniaritzako ikasleek osatzen duten ETSIIT-UPNA Racing taldeak bihar larunbata, hilak 30, aurkeztuko du ofizialki Los Arcosko Zirkuituan bere motorra, MotoStudent lehiaketako Industria Proiektu Hoberenari lehen saria irabazi zuena. Proiektua babestu edo laguntza eman duten enpresa eta erakundeak gonbidatu dituzte ekitaldira, bai eta ikasleen senitartekoak eta ikasleak ere. Aurkezpena 15:30ean egingo da zirkuituaren instalazioetan, eta gero antolakuntzak gonbidatutako lau pilotuk motorra probatuko dute. Pilotuak hauek dira: Juan María Oliva, Mario Luján, Alberto Baeza eta Christian Vidal.

ETSIIT-UPNA Racing taldeak guztira hamar babesle eta bost erakunde laguntzaile izan ditu proiektu honetarako, eta horien artean motorrekin, finantza zerbitzuekin, eta material metalikoekin lotutako enpresak edo erakunde publikoak daude.

MotoStudent lehiaketa erronka bat da Moto Engineering Foundation-ek mundu osoko unibertsitateetako taldeen artean sustatzen duena, zilindrada txikiko (125 cc 2t) motor baten prototipoa garatzeko eta makina horrekin lehiatzeko. NUPek garatutako proiektua hoberena zela balioetsi zuten urri hasieran Alcañizeko Zirkuituan egin zen MotoStudent lehiaketako azken fasean parte hartu zuten Espainia osoko 25 unibertsitateen artean. Epaimahaiak balioetsi zituen prototipo bakoitzarekin diseinuarekin, garapenarekin eta fabrikazioarekin lotutako alderdiak, eta Industria Proiektu Hoberenari saria eman zion, 6.000 euroko saria, hain zuzen.

Taldea, enpresa baten modura

ETSIIT-UPNA Racing Team taldea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako (TIIGMET) ikasle eta irakasle talde batek osatzen du. Karrera Amaierako Proiektutzat hartuko den lan hau egin bitartean, taldeak lehiaketazko motorrak fabrikatzen dituen enpresa gisa jardun du urte bat baino gehiago: babesleak bilatu behar izan dituzte, motorraren diseinu grafikoa eta diseinu teknikoa kalkulu prozesuarekin egin dute, eta piezak fabrikatu dituzte.

Titulazioko azken ikasmailetako ikasleek osatu dituzte taldeak, Unibertsitateko bi irakasleren tutoretzapean. ETSIIT-UPNA Racing taldea 17 ikaslek osatzen dute eta horietako batzuk proiektua garatzen parte hartzen ari dira, izena eman ez duten arren. Horrela, hurrengo edizioetarako, Unibertsitateko taldearen jarraipena ahalbidetzen da, eta maila teknikoa handitzea ere bai, hartutako esperientziari esker.

Bestalde, tutoreak dira César Díaz de Cerio, Ibilgailuen Osagai eta Sistemetako eta Motozikleten Ingeniaritzako irakaslea, eta José Sancho Rodríguez, Automozio Ingeniaritza, Garraioaren Ingeniaritza, Motozikleten Ingeniaritza eta Material Konposatuetako irakaslea.