Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Fernando Remacha Tuterako musikaria omenduko du kontzertu baten bidez, eta horretan estreinatuko dira sei nafar musikagileri eskatu zizkien lanak. Kontzertu omenaldia heldu den azaroaren 11n, arratsaldeko 19:30ean, Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan izango da. Leku zabala duen aretoa 2008an birmoldatu zuen NUPek, eta irakaskuntza ekitaldi ospetsuetarako, irakaskuntza jardueretarako, azterketa jendetsuetarako edo izaera zientifikoko bileretarako erabiltzen da. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak 2008ko ekainaren 13an eman zion Tuterako musikariaren izen ofiziala aretoari eta hilabete hartan inauguratu zen Pedro Miguel Echeniqueri honoris causa doktoretza emateko ekitaldirako.

2009an, Fernando Remacharen heriotzaren XXV. urteurrena bete zenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ospe handiko nafar musikari aukeratu batzuei eskatu zien sei obra berri egiteko –hiru pianorako eta hiru gitarrarako–, eta horiek dira kontzertu honetan estreinatuko direnak. Lan horiek konposatu dituzten nafar musikagileak honako hauek dira: Agustín González Acilu, Teresa Catalán, Carlos Etxeberria, Koldo Pastor, Jesús Echeverría eta Juan José Eslava. Unibertsitateak berriki argitaratu duen Musika sorkuntza berria Fernando Remacha Villarren omenez (1898-1984) izeneko partitura liburuan biltzen dira lan guztiak.

Fermín Bernecheak (pianoa) eta Eduardo Baranzanok (gitarra) joko dituzte obrak, eta azken honek Remacharen gitarrarako preludio bat, argitaragabea, joko du, Leopoldo Neri ikertzaileak Regino Sainz de la Maza gitarra-jotzailearen artxibotik berreskuratutakoa. Kontzertuaren burua izango da Julio Lafuente errektorea eta aurkezlea Marcos Andrés Vierge NUPeko musika irakaslea. Era berean, bertan egongo dira sei musikagileak. Bestalde, Nafarroako Ganbera Abesbatzak Fernando Remacharen hainbat lan interpretatuko ditu David Guindano-ren zuzendaritzapean.