Nafarroan 25.000 lagunetik gora daude katolikoa ez den beste erlijio bati jarraitzen diotenak, gaur, asteartean, urriaren 19an, Erlijiozko Gutxiengoei buruzko Jardunaldietako bigarren saioan Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu den txosten baten arabera. Azterlanean azaltzen da kolektibo hori gutxienez 25.000 bat lagunek eta gehienez 30.000 bat lagunek osatzen dute, eta batzuetan jende multzo handi horrek bere jarduerak garatzen dituela Nafarroan hamarkada batzuk direla. Kolektiboaren ezaugarria da hainbat naziotako kideek osatzen dutela eta azken urte hauetan Nafarroan eragin duten migrazio mugimenduen eragina izan duela.
Txostenaren izenburua “Atalaseak: Nafarroako erlijiozko gutxiengoak” da; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko ALTER Ikerketa Taldeak egin du eta NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatutako Nafarroako erlijiozko gutxiengoei buruzko jardunaldietan aurkeztu da, Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan, 200 lagunetik gora bildu direla.
Txostenaren edukia prentsaurrekoan aurkeztu dute Miguel Laparra NUPeko ALTER Ikerketa Taldeko arduradunak, Rubén Lasheras azterlanaren egileak, Concepción Corera Unesco Katedrako zuzendariak, eta José Manuel López Aniztasuna eta Bizikidetza Fundazio Publikoko zuzendariak.
Azterlanaren helburua da azaltzea gero eta ugariagoa den erlijiozko konfesioen aniztasuna, azken urteotan nabarmena den gertaera Nafarroan. “Atalaseak: Nafarroako erlijiozko gutxiengoak” lana laster argitaratuko du Aniztasuna eta Bizikidetza Fundazioak. Helburua da toki mailako argazkia ematea -Espainiako gainerako lekuetan egin diren ikerketekin batera- nazioetan zehar etengabe gertatzen ari diren pertsonen, ideien, kapitalen etengabeko mugimenduena, erlijioaren esparruan ere eragin nabarmena dutenak. Aipatu ikerlanaren asmoa ez da aztertzen dituen komunitateen eduki espiritual/traszendenteak aztertzea, baizik eta horien esistentzia aztertzea eguneroko dinamiketan garbi eragiten duten gizarte prozesu gisa.
Musulmanak, kolektiborik handiena
Txostenean, hasierako baldintza gisa hartu da badirela aldi bereko bi prozesu, itxuraz kontraesankorrak direnak. Alde batetik, eragin sekularizatzaile bat, non, beste gertaera batzuen artean, egintza erlijiosoa norberaren espazio pribatura baztertzen den. Bestetik, erlijiosotasunaren dibertsifikazioa eta berpiztea, gutxiengoen konfesioenganako gero eta atxikipen handiagoan adierazten dena. Emaitzen artean azpimarratzekoa da osagai historikoak, antolamenduzkoak edo identitarioak biltzen dituen agertokiaren begibistako aniztasuna. Era berean, ikerketak hiru esparru nagusi azaltzen ditu: dimentsio deskriptiboa, antolamenduzko osagaia eta faktore erlijiosoak gizarteratzeko prozesuetan duen eraginari buruzko analisia.
Dimentsio deskriptiboari dagokionez, azterlanean azaltzen dira ikerketan zehar izan diren identifikaziorako zailtasunak. Hala ere, dioenez, 25.000 eta 30.000 lagun artean daude Nafarroan erlijiozko gutxiengoen jarraitzaile direnak. Horietatik, konfesiorik handiena musulmana da, 13.000 eta 15.000 pertsona artean biltzen dituena. Jarraian, komunitate ortodoxoa dago, 6.000 eta 7.000 lagun artean, komunitate ebanjelikoa (3.200-3.500), eta Jehovaren Lekuko Kristauak (800-1000) lagun artean biltzen dituztenak. Azkenik, aipatu beharrekoak dira hainbat konfesio, besteak beste komunitate budista, Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza, Bahá’í fedea, Zientziologia (Scientology Eliza) eta beste hainbat mugimendu espiritual.
Ikerlan honen bigarren zati batean aztertu dira komunitate horien antolamendu egitura, eguneroko praktikan dituzten zailtasunak, etorkizunerako dituzten erronkak eta espektatibak, inguruarekin eta erakundeekin dituzten harremanak edo hurbilen dituzten harreman nukleoen pertzepzioa. Azkenik, azterlanean zeharkako hurbilketa egiten da erlijiozko gutxiengo hauengana, faktore erlijiosoak gizarteratzeko prozesuetan duen eragina ikusteko.
Erlijiozko Gutxiengoei buruzko Jardunaldiak
Erlijiozko Gutxiengoei buruzko Jardunaldietako bigarren saioan aniztasunaren esparru juridikoa, tokiko esperientziak eta kudeaketa publikoa aztertu dira. Alejandro Torres NUPeko Eliza Zuzenbideko katedradunak hitzaldian azaldu du Erlijiozko gutxiengoen esparru juridikoa Espainian. Aldiz, José Manuel López Rodrigo Aniztasuna eta Bizikidetza Fundazioko zuzendariak erlijio aniztasunaren kudeaketa publikoa azaldu du bere hitzaldian.
Ondoren, toki mailako bi esperientzia azaldu dira, erlijioen arteko bizikidetza hobetzera bideratuak. Hizlariak izan dira Cristina Monteys Homar, Bartzelonako Udaleko Erlijio Gaietarako Bulegoko koordinatzailea, eta Francisco Javier Sanz Carramiñana Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko buruordea, Castejongo alkatea eta Nafarroako senataria.
Jardunaldiak arratsaldean amaituko dira “Erlijiozko konfesioen ikuspegia” izenburuko mahai-inguruarekin, non Nafarroan dauden erlijiozko gutxiengoen talde batzuetako ordezkariek parte hartuko duten.