Ingeniaritzako Erret Akademiak “Juan José de Peñalver” Ikertzaile Gazteentzako I. Saria 2010 eman dio Francisco Falcone Lanas Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleari metamaterial elektromagnetikoei buruz egin dituen ikerketengatik. Sariaren diru kopurua 18.000 euro da, eta Ingeniaritzako Erret Akademiaren egoitzan azaroaren 30ean egingo den ekitaldi ospetsuan emango zaio. Sari hau lehenengo aldiz deitu da, eta beren lanak ingeniaritzaren edo arkitekturaren esparruan egin dituzten 36 urtez azpiko ikertzaileei zuzendua dago. Lehenengo kasuan, sariak “Juan José de Peñalver” izena du, eta bigarren kasuan “Agustín de Betancour”.
Epaimahaiaren erabakiaren arabera, “interes zientifiko handia” dute Francisco Falconek, teknologia planarra eta zirkuitu inprimatukoa erabiliz, metamaterial elektromagnetikoei buruz egin dituen ikerketa teorikoak, bai eta beren aplikazioen garapenak ere. Hala, enpresa teknologiko berri bat sortu da eta Falconek berak parte hartu du hura sortzeko eta kudeatzeko lanetan. Tafco Metawireless izeneko enpresa 2009ko urtarrilean sortu zen, eta bere helburua da modu efizientean merkaturatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle talde bat esparru honetan egiten ari den ikerketa. Tafcok kontratuak garatzen ditu aire eta espazio arloarentzat eta kontsumo elektronikarentzat, eta aholkularitza zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Uhin milimetrikoen eta terahertzen esparruan diharduen Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde bati bururatu zitzaion enpresa hau sortzeko ideia. Falconez gainera, proiektu honen garapenean parte hartzen dute José Antonio Marcotegui Iturmendi NUPeko irakasle elkartuak, Mario Sorolla Ayza katedradunak eta Mikel Gómez Laso eta Txema Lopetegi Beregaña irakasle titularrek.