Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (EAZ) eta Zuzenbidea lizentziatura bikoitzeko seigarren ikasmailako 40 ikaslek guztira parte hartuko dute 2010-11 ikasturte honetan Nazioarteko Praktiketarako Programan. Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak kudeatzen duen prestakuntzarako ekimen honek aldibereko ikasketa hauetako azken ikasmailako ikasleei nazioarteko praktika egiteko aukera ematen die bigarren seihilekotik aurrera, gutxienez sei hilabetez.
Egonaldi horiek lanean hasteko aukerak hobetzen dituzten gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko bidea ematen diete ikasleei, hizkuntza trebetasunak hobetzeaz gainera, kasu gehienetan. Azken helburua da guztiek ezagut dezaten bertatik egiazko lan eremu bat nazioartean.
Aurreko edizioan 25 ikaslek egin zuten prestakuntza-egonaldi hauetako bat Europako, AEBetako, Asiako, Kanadako edo Latinoamerikako enpresa eta erakundeetan. Horien artean dira Herbehereetan dagoen DistriRead enpresa, Asuncion hirian dagoen Fundación Paraguaya de Cooperación y Desarrollo izeneko fundazioa, edo Cuatrecasas eta Garrigues abokatuen bulego ospetsuak (biak Bruselako bulegoetan).
Mundu osoan zehar dauden Espainiako Turismo Institutuko Bulegoek ere hartu zituzten ikasleetako batzuk Pariseko, Dublingo, Kopenhageko, Estockholmeko, Torontoko eta Miamiko egoitzak; baita Merkataritza Ganbera batzuk ere, esaterako, Hispaniar-Alemaniarra, Hispaniar-Lusitaniarra eta Poloniar-Espainiarra.
Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritza Bulegoa edo Viscofán nafar enpresak Montgomeryn duen amerikar egoitza ere izan ziren Zuzenbidea eta EAZ lizentziatura bikoitzeko ikasleen destino.
Era berean, eta NUPek Kanpo Arazoetako Ministerioarekin sinatuta daukan lankidetza hitzarmen bati esker, bost ikaslek bertatik ezagutu ahal izan dituzte destino diplomatiko batzuetan garatzen diren eginkizunak, esaterako, New Yorkeko eta Washingtongo Espainiako Kontsuletxe Nagusietan edo Dhakako (Bangladesh) Espainiako Enbaxadan.