Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak abian jarri du Leial Bihurtzeko Plan bat, enpresekin lankidetza sendotzea, hobetzea eta areagotzea helburu duena. Horrela, NUPeko Fundazioak azken hamar urteotan Nafarroako egitura ekonomiko eta sozialeko enpresekin, erakundeekin eta profesionalekin sortu duen harreman sarea ikusgai egin nahi du. Gaur egun, Fundazioak lankidetza hitzarmenak sinatuta dauzka 1.600 enpresa edo erakunde baino gehiagorekin.
Planak enpresa horiei Unibertsitate-Gizarte Fundazioan izena emateko aukera eskaintzen die, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duten harremanean hainbat onura izateko bidea emango diena. Lehen fase batean, abantaila horiek Fundazioko kideak diren enpresa horiek beste enpresa batzuekin edo NUPekin berarekin dituzten harremanak sendotzeko topaketen antolaketan gauzatuko dira; enpresa aurkezpenen antolaketan azken ikasmailetako ikasleentzat; edo profesionalen neurriko prestaketan prezio berezietan.
Fundazioak sustatutako programak aurreikusten du baita NUPeko gelak lagatzea ere ekitaldiak antolatzeko, informazio aldizkari bat jasotzea edo enpresa horietako bakoitza aipatzea urteko txostenean eta erakundearen web-orrialdean.
Horrela, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak Erkidegoko eragile ekonomiko eta sozialekin egungo eta bihar edo etziko lankidetza hobetu eta agerian jarri nahi du, elkarren ezagutza sustatuz eta NUPek informazio eta koordinazio zentroa sortuz Nafarroan berarekin harremanean jardun nahi duten erakundeentzat, hobeto garatu, gizarteratu eta Nafarroako ekonomia hobetzeko asmoz.
Ekimen honetan parte hartu nahi duten enpresa eta erakundeek izena eman ahalko dute Fundazioaren (http://www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad/) webgunean eskura daitekeen atxikitze-buletin baten bidez. Bertan, besteak beste, azaltzen dira Leial Bihurtzeko Plan honen helburuak. Interesdunek argibide gehiago eskatu ahalko dituzte fidelizacion.fundacion@unavarra.es helbidearen bidez.
Topaketak, prestakuntza eta aurkezpenak
Fundazioko kide diren enpresak erakundeak eskaintzen dituen hainbat abantaila edukiko dituzte. Izan ere, horietako bat izango da topaketak antolatzea jakintza arlo komunetan lankidetzan aritzeko interesa duten irakaskuntza arduradunekin eta ikerketa taldeekin. Topaketa horiek NUPen edo lan zentroetan egin ahalko dira.
Era berean, Fundazioak aurkezpenen antolamendua kudeatzen du, beren erakundea ezagutzera emateko eta azken ikasmailetako ikasleei praktika profesionalak eskaintzeko interesa duten enpresentzat. Aurkezpenak egin daitezke Unibertsitatean bertan edo enpresen lan zentroetara bisitak antolatuz.
Fundazioaren beste lan arloetako bat profesionalak neurrira prestatzea da. Kasu honetan, plan honetan izena ematen duten enpresa edo erakundeek deskontua izango dute Fundazioak bereziki profesionalei zuzenduta antolatzen dituen ikastaroetan izena emateko prezioan. Gainera, kideak diren enpresek eskubidea izango dute Fundazioaren gelak eskatzeko, eta aukera badago, erabiltzeko, adibidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei hautaprobak egiteko edo lan bilerak egiteko.
Ekimen honetan parte hartzen duten enpresa eta erakundeak Fundazioaren webgunean azalduko dira, erakunde horrek duen webgunearen esteka baten bidez. Horrela, jakitera emango dute Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan ari direla eta (RSC) Erantzukizun Sozial Korporatiboaren alde apustu sendoa egiten dutela. Era berean, Fundazioko kide gisa azalduko dira urteko jardueren txostenean.
Azkenik, Fundazioak enpresa hauek NUPi eta kideak diren enpresei buruzko berriak ematen dituen buletin elektroniko baten bidez informatuta edukitzeko asmoa du. Horrela informazio eguneratua izango dute beste erakunde batzuei buruz eta Fundazioari buruz (profesionalak prestatzeko eskaintza, titulu berekiak, enpresa berrikuntzarako mintegia, etab.).