Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco katedrak Nafarroako erlijiozko gutxiengoei buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Bertan aztertuko dira gaurko gizartean ematen ari diren sekularizazio prozesuak, erlijio arloko askotariko adierazpenak berpiztearekin batera. Jardunaldiak bi saiotan garatuko dira (urriaren 14an eta 19an), Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan. Izen ematea doakoa da. Jardunaldi hauei buruzko informazio osoa jaitsi ahal da Katedraren webgunetik (www1.unavarra.es/catedraunesco/). Jardunaldietan lankidetzan ari dira Aniztasuna eta Bizikidetza Fundazioa, NUPeko ALTER Ikerketa Taldea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa. Jardunaldiek Nafarroako Kutxaren eta Nafarroako Gobernuaren finantzabidea dute.

Unesco Katedraren ustez erlijio aniztasuna gaurko gizarteen ezaugarri bat da, eta Nafarroan ere errealitate nabarmena da hori. Horregatik proposatzen du errealitate hori aztertzea, bi saioetan gune bana hartuz gogoetarako gai gisa. Lehen saioan, ostegunean, urriaren 14an, testuinguru orokorrerako oinarriak ezarriko dira. Bertan erlijiotasuna, sekulartasuna eta espiritualitatea gizarte anitzen esparruan elkartzen dira. Bigarren saioa urriaren 19an, asteartean, izango da. Nafarroako erlijio aniztasunaren testuinguru zehatza erakutsiko da, eta erlijio aniztasunaren kudeaketa publikorako proposamenak aztertuko dira. Hain zuzen ere, saio horretan NUPeko ALTER Ikerketa Taldeak Nafarroako erlijiozko gutxiengoei buruz egin duten azterlan bat aurkeztuko du.

Guztira, bederatzi hitzaldi izango dira. Lehen hizlaria izango da José V. Casanova, Georgetown Universityko Soziologia eta Antropologia Saileko Soziologiako katedraduna eta Berkley Centerreko Globalizazio, Erlijio eta Sekulartasunari buruzko programako arduraduna. Casanova erlijioen soziologian munduko aditu ezagunenetako bat da. “Sekularra, sekularizazioak eta sekularismoak” izenburko hitzaldia emango du.

Lehen jardunaldian parte hartuko duten gainerako adituak ondoko hauek dira: Hans Joas Soziologiako katedraduna eta Max Weber Ikasketa Aurretatuen ikastegiko zuzendaria Erfurteko Unibertsitatean, Josetxo Beriain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako katedraduna, Guillermo Múgica NUPeko Unesco Katedrako Aholku Kontseiluko kidea, eta Rubén Lasheras NUPeko Gizarte Laneko Saileko ALTER Ikerketa Taldeko kidea.

Aniztasun erlijiosoa Nafarroan

Nafarroako erlijiozko gutxiengoei buruzko jardunaldietako bigarren saioan, urriaren 19an, asteartean, izango da, eta aztergaiak izango dira esparru juridikoa, tokiko esperientziak eta aniztasunaren kudeaketa publikoa. Rubén Lasheras hizlariak, "Atariak: Nafarroako erlijiozko gutxiengoak” izenburupean, aurkeztuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko ALTER Ikerketa Taldeak egindako azterlan bat, gure herrialdeko erlijiozko aniztasuna azterten duena.

Alejandro Torres NUPeko Eliza Zuzenbideko katedradunaren hitzaldian aztertuko da Erlijiozko gutxiengoen esparru juridikoa Espainian.

Ondotik, toki mailako bi esperientzia azalduko dira, erlijioen arteko bizikidetza hobetzera bideratuak. Hizlariak izango dira Cristina Monteys Homar, Bartzelonako Udaleko Erlijio Gaietarako Bulegoko koordinatzailea, eta Francisco Javier Sanz Carramiñana Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko buruordea, Castejongo alkatea eta Nafarroako senataria.

Jardunaldiak bukatzeko “Erlijiozko konfesioen ikuspegia” izenburuko mahai-ingurua izango da. Parte hartuko dute Nafarroan dauden erlijiozko gutxiengoen talde batzuetako ordezkariek.