Unibertsitateko Aholkularitza Juridikorako Bulegoak 2010-2011 ikasturte honetarako ateak ireki ditu ordutegi berriarekin, izan ere, asteko lanegun guztietara zabaldu da, astelehenera izan ezik. Informazioa eta aholkularitza ematea Unibertsitateari dagokion arautegiari buruz, lan kontratuei, hiri alokairuei edo bekei buruz dira zerbitzu honek ematen dituenetako batzuk. Zuzenbide eta EAZLko aldi bereko ikasketa-programako 6. mailako ikasleek eta Zuzenbide Lizentziaturako 4. mailako ikasleek ematen dute zerbitzua.
Bulegoko tutoreak Zuzenbide Prozesaleko irakasleak dira. Bulegoak facebook profil bat (Orientación Jurídica Upna/NUPeko Aholkularitza Juridikoa) sortu berri du erabiltzaileen arteko komunikazioa errazteko xedez.
Eskaintzen den zerbitzua doakoa da eta unibertsitateko kide guztiei zuzendua dago (irakasleak, ikasleak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak). Bulegoa Liburutegien eraikineko lehen solairuan dago eta jendearentzat zabalik dago astelehenetik ostiralera, ordutegi ezberdinetan. Web-orrialdean ikus daitezke honako helbide honetan (http://www1.unavarra.es/orientacionjuridica). Helbide elektronikoaren bidez ere egin daitezke kontsultak, honako helbide honetan: (orientacion.juridica@unavarra.es).
Jarduteko dinamika erraza da. Interesdunak kontsulta egin dezake posta elektronikoa edo telefonoa erabiliz, edo aurrez aurreko elkarrizketa eginez. Hortik aurrera, ezin bada berehalako erantzuna eman, Bulegoan jarduten dutenek behar den informazioa biltzen dute, kasua aztertzen dute eta handik astebetera emango den txostena egiten dute. Guztia egiten da Zuzenbide Prozesalaren Arloko irakasleek gainbegiratuta eta haiekin koordinatuz. Bulegoa zabalik egoten da ikasturtean zehar eskolak dauden hilabeteetan, eta Practicum izeneko enborreko irakasgaian praktiketarako bulego hau hautatu duten ikasleek ematen dute zerbitzua.
Aholkularitza Juridikorako Bulegoak eskaintzen duen informazioa eta aholkularitza ez da soilik unibertsitateko arautegiari buruzkoa. Zerbitzu honetan egin daiteke kontsulta baita alokairuko pisuen kontratuei buruz, trafiko eta aparkatze isunei buruz, trafiko istripuei buruz, lan kontratuei buruz, ikasketa bidaietako kontratuei buruz edo tabernak eta karpak kontratatzeari buruz ere.
Aholkularitza Juridikorako Bulegoarena zerbitzu aitzindaria da unibertsitate eremuan. 1998tik ematen da eta oso esperientzia baliagarria da ikasleen prestakuntzarako, kontuan hartuz ebatzi dituzten gai kopurua eta aholkularitzaren hartzaileek emandako iritziak. NUPeko Zuzenbide Prozesaleko Arloak sortu zuen zerbitzu hau, Zuzenbideko Practicum izeneko enborreko irakasgaiaren esparruan.