Buru osasuna eta gartzela da eztabaidarako aukeratu den gaia, Espetxeei buruzko azterketen VII. Jardunaldietan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Penaleko Sailak eta Salhaketa elkarteak antolatzen dituzten jardunaldi horiek Arrosadiko campusean egingo dira, urriaren 6an eta 7an. Jardunaldiak, “Buru-gaixoak gartzelan eta espetxeen psikiatrizazioa. Betikoa eta berria" izenburuarekin, Ada Byron aretoan egingo dira, Arteak eraikinean.
Inés Olaizola Nogales andreak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Penaleko irakasle titularrak, eta Paz Francés Lecumberri andreak, Salhaketa elkartea ordezkatuz, gaur asteartean, urriaren 5ean, aurkeztu dute jardunaldien edukia. Aipatu erakundeek antolatu dituzte jardunaldi hauek Nafarroako Gobernuaren lankidetzarekin.
Azterketa jardunaldi hauen helburua da, ikasleenganaino ekartzea gartzeletako errealitatea eta, edizio honetan, antolatzaileek ezagutzera eman nahi dituzte espetxeetan buru-gaixoekin izaten diren arazo larriak. Programatu diren hitzaldietan informazioa emango da gartzeletan buru-gaixotasuna duten pertsonentzat izaten diren modulu bereziei buruz.
Programa bihar asteazkenean, urriaren 6an, irekiko da, 17:00etan, “Buru osasuna eta segurtasun neurriak” izenburuko hitzaldiarekin. Hizlaria izango da José Antonio Rodríguez Sáez, Bartzelonako Zigor Auzien 21. Epaitegiko epaile titularra. Ondotik, Amador Ruiz Sanzek, Nafarroako Penak eta Ordezko Neurriak Kudeatzeko Zerbitzuko buruak, aztertuko du Nafarroan buru-gaixotasuna dutenetzat dauden ordezko neurri penalak.
Jardunaldiak osatzeko, ostegunean, urriaren 7an, hitzaldi batean gartzeletako egoera, bergizarteratzea eta zigorra izango dira aztergaiak. Hizlaria Dario Malventi izango da; Antropologiako doktorea, Oficina Social erakundeko kidea eta Víscera aldizkariko koordinatzailea da. Bere hitzaldiaren izenburua da “Zigorrak bizitza irensten duenean. Bergizarteratzearen fartsa, gartzelaren errealitatea”.
Espetxeei buruzko azterketen VII. Jardunaldien programa osoa kontsultatu ahal da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean (www.unavarra.es), biltzarren atalean.