Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak biharko, irailak 25, larunbata, bilera bat antolatu du 2010-2011 ikasturtean unibertsitate ikasketak hasi dituzten ikasle berrien gurasoentzat. Titulazioei buruzko hitzaldiak eta instalazioetara bisitaldiak egongo dira, Iruñeko unibertsitate campusetan: Arrosadiko campusean eta Osasun Zientzien campusean. Programa goizeko 10:00etan hasiko da Arrosadiako campusean eta 11.00etan Osasun Zientzietan.

Jardunaldian informazio-bilera bereiziak egingo dira titulazio bakoitzerako. Zehazki, Iruñeko campusean, Ikasgelategian emango dira Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioei buruzkoak, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak, Zientzia Juridikoen Fakultatekoak eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoak.

Bestalde, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioetako ikasleen gurasoak Eskola horretako gradu aretoan bilduko dira (Olibondoak eraikineko lehen solairuan), eta Erizaintzakoak, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan (ospitalen eremuan, Barañain etorbidean).

Guraso horiek, errektoretza taldeko ordezkari baten eta ikastegi bereko eta titulazioko ordezkari baten agurra eta argibideak jasotzeaz gain, Unibertsitateko instalazioetara bisitaldiak egin ahalko dituzte, eta kirol instalazioetan eta Urkiak egoitzan barna ere bai. Titulazio esperimentalen kasuan (ingeniaritzak eta osasun arloko karrerak), bisitaldiak bereziki laborategietara egingo dira.