Joan eduki nagusira

zoom Cristina Bayonak (ezk.) Alfonso Carlosenak eta Raquel Gonzálezek azterlanaren datuak aurkeztu zituzten

Cristina Bayonak (ezk.) Alfonso Carlosenak eta Raquel Gonzálezek azterlanaren datuak aurkeztu zituzten

Halako proiketu bat burutu nahi duenean, zein dira enpresa bat unibertsitatearekin harremanetan jartzera eramaten dituen arrazoiak? Zein da ikertzaile batek bere ezagutza bestetaratzeko duen motibazioa? Zein da elkarren arteko lankidetzaren onura? Nolako oztopoak izaten dira? Gai horiek aztertzen dira, besteak beste, “Ezagutzaren bestetaratzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Enpresaren eta unibertsitatearen ikuspegia” izenburuko azterlanean, NUPek berriki argitaratu baitu.

Ikerketa Errektoreordetzak egin duen azterlan honen helburu nagusia da ezagutzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoak sektore protuktiboarentzat eta ez-produktiboarentzat egiten duen ezagutza-bestetaratze lanaren egoera. Lanaren egileak dira Cristina Bayona Sáez, NUPeko Ezagutza Bestetaratzeko Arloko zuzendaria, eta Raquel González Eransus, Soziologiako lizentziaduna.

Ondorio nagusiak izan dira enpresak zein ikertzaileak, oro har, pozik daudela; elkarri buruz iritzi ona dutela, lankidetzan aritu eta gero, uste sendo bat, alegia, NUPek egindako ezagutzaren bestetaratze hori ezin zuela beste edozein erakundek egin, salbu eta beste unibertsitate edo ikerketa zentro batek; eta egitate bat, bestetaratze kontratuaren ondorioz enpresa askok hobekuntza lortu dutela haien produktuetan zein prozesuetan.

Landa lana honako hau izan da: azken bost urteetan NUPekin Ikerketa eta Garapena kontraturen bat sinatu duten enpresei egindako inkestak, eta proiektuetan egon diren ikertzaileei eta unibertsitateko ikerketa zerbitzuko teknikariei egindako elkarrizketak. Inkesta jaso duten enpresa gehienak, % 84, Nafarroakoak dira; gainerakoak, % 16, beste autonomia erkidegoetakoak. Inkesta jaso duten enpresetatik % 19 publikoak dira eta % 81 pribatuak, ez azken horietatik % 51 manufakturakoak dira, eta % 49 zerbitzuetakoak. Tamainari dagokionez, enpresetatik ia erdiek 50 langile baino gutxiago dituzte, % 31k 50etik 250era bitarte, % 13k 250etik 500era bitarte, eta % 8k 500tik gora langile dituzte.

Ezagutza bestetaratzea

Ezagutza sortu eta bestetaratzeko funtsezko bideak hezkuntza eta ikerketa dira. Baina azken urteotan ikusi da ezagutzaren bestetaratzea iritsi dela unibertsitatearen hirugarren zeregina izatera: duen ezagutza (zientzia, teknologiak, metodoak, prozesuak, egiteko moduak) bestetaratzea gizarteari, oro har, eta bereziki enpresa ehunari.

NUPek egindako azterlanetik ondorioztatzen da enpresa gehienetan barne prestakuntza dela langileen prestakuntzaren oinarria. “Garrantzia handia ematen diete beraien gaitasun teknologikoei lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa, horregatik ia guztiek I+G garatzen dute, nahiz eta, gehienetan, horretarako diseinatutako planik ez izan” dio azterlanak. Batez beste, gehiago gastatzen dute ikerketa aplikatuan eta garapenean, oinarrizko ikerketan baino. Ideaia berritzaileen iturri gisa balio nagusia ematen diete kanpoko iturriei, oro har, eta NUPi bereziki. Asmoa dute jarduera dibertsifikatzeko edo berriz orientatzeko, eta haietako % 50ek aurreikusi dute NUP kontuan hartzea prozesu horretan. Uste dute ezagutzaren bestetaratzeak laguntza ematen duela haien enpresetan enplegua sortzeko, hori kuantifikatzea zaila egiten bazaie ere.

Lankidetza unibertsitatearekin.

Inkesta egin duten enpresek oso balioespen ona ematen diete NUPeko iketzaileei eta ikerketei. Erakundearekin duten harremana “konfiantzakoa” eta “onuragarria” dela diote, eta “era harmoniatsuan” egiten dela. Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko gehien aipatzen diren arrazoiak dira dituen aurrerapen eta balidabideetara iritsi ahal izatea eta oinarrizko ikerketetara iritsi ahal izatea.

Lankidetzan aritzeko aipatzen den oztopo nagusia da unibertsitatea enpresen errealitatetik oso urruti egotea, eskaintzen duena ikerketaren emaitza direla eta ez “produktuak”. Baina, aldi berean, onartzen dute NUPetik bestetaratutako ezagutza izaera berezikoa dela, edozein erakundek ezin duelako sortu eta transferitu, beste unibertsitate edo ikerketa zentro bat ez bada.

Alde horretatik, ikertzaile gehienentzat, eskaintzen duten ezagutza ezin du edozein enpresak sortu, uste baitute beraiek beti zerbait gehiago ematen dutela. Hala eta guztiz ere, uste dute kontratatutako ikerketaren lehiakortasuna eta munta teknologikoa urria dela, unibertsitatean egiten diren bestelako ikerketa batzuekin alderatuta.

Enpresek, gehienetan, ez dute bestetaratzerako talde formal bat, baina askotan I+D saila bera izaten da. Bestetaratzean jasotzen duten ezagutza ez da soberan konplexua izaten enpresan aplikatzeko, eta langileak prestatuta egoten dira hura asimilatzeko. Enpresak pozik edo oso pozik daude bestetaratutako ezagutzarekin eta bestetaretzeko prozesuarekin.

Gehienetan, behar edo arazo zehatz bati erantzun behar dioten enpresa pribatuek zientzia esperimentaletako edo ingeniaritzetako ikerketa talde bat bilatzen dute. Erakunde publikoei dagokienez, era guztietako ikertzaileak bilatzen dituzte, eta bilatzen dutena da, askotan, gardentasuna eta ezagutza independentea. Inkesta egin duten ikertzaile gehienen ustez, enpresek oso gutxi dakite unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko mekanismoei buruz, eta horrek ezagutzaren bestetaratzea areagotzeko laguntza emango luke.

Kontratuak eta emaitzak

Batez beste, unibertsitateak ikerketako 120 kontratu sinatzen ditu urtero, hainbat enpresa, erakunde eta entitaterekin. Horietako % 60 baino gehiago nafarrak dira. 2009an 124 kontratu kudeatu ziren, eta haien balioa 2,95 milio eurokoa izan zen. Gogoratzekoa da, EetaG Fundazioaren (Ezagutza eta Garapena Fundazioa) txostenari jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa dela, duen tamainaren arabera, Espainiako seigarrena enpresekin egindako kontratuengatik.

Orain aurkeztu den azterlanean inkesta egin duten enpresekin egindako 94 kontratuak hartu dira laginerako. Galderak egin zizkieten kontratua aurrera eramateko NUPeko ikerketa lana aukeratzeko arrazoiei buruz, izandako eraginari buruz, gogobetetasun mailari buruz, ....

Hiru kasuetatik bitan, enpresak aldez aurretik ezagutzen zuen ikerketa taldea. Uste dute NUPekin egindako kontratuak ongi diseinatuta daudela helburuei, ardurei eta epeei dagokienez, eta kontratuaren eragina gauzatu dela enpresen produktuen eta prozesuen hobekuntzan.

Enpresek diotenez ez da desbideraketarik izan, kontratuaren hasiera datari edo zenbatekoari buruz aurreikusi zenari dagokionez. Gogobetetasun maila , oro har, oso handia da, kontratua betetzeari eta bestetaratutako ezagutzaren kalitateari eta erabilgarritasunari dagokienez.