Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar, ostiralean, irailaren 17an, 2010-2011 ikasturtearen hasiera ekitaldia ospetsua izango du. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan, eta buru izango dira Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haiekin batera egongo dira Nafarroako Foru Komunitateko agintari nagusiak eta unibertsitate komunitateko kideak.
Inaugurazio-hitzaldia Fernando de la Hucha Celador Nafarroako Unibertsitate Publikoko Finantza eta Zerga Zuzenbideko katedradunak emango du, ondoko izenburuarekin: "Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren txertaketa Konstituzioan".
Ekitaldia hasteko, Soldedad Barber Burusko NUPeko idazkari nagusiak 2009-10 ikasturteari dagokion oroitidazkia irakurriko du. Halaber, parte hartuko dute Julio Lafuente López errektoreak eta Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko lehendakariak, 2010-11 ikasturteari hasiera emango diona. Ekitaldiko alderdi musikala Bertiz harizko laukoteak eta Unibertsitateko Abesbatzak beteko dute.
Euskal Herriko eta Nafarroako finantzabide sisteman aditua
Fernando de la Hucha Celador Zuzenbidean lizentziduna eta doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Finantza Zuzenbideko irakasle titularra izan da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Konplutentsean, eta 1992tik aurrera diziplina horren katedra betetzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. De la Huchak beste kargu batzuk ere bete ditu: NUPeko Ekonomia Plangintza, Finantza Kudeaketa eta Estatutu Garapenerako errektoreordea, 1992an, eta Erakundeekiko Koordinazio eta Estatutu Garapenerako errektoreordea, 1994an eta 1995ean.
Ogasunerako Estatu Idazkaritzaren mendeko Zerga Arloko Ikasketen Institutuko kanpoko aholkularia izan da (1987-1992). Gai juridikoei buruzko monografia asko egin ditu; haien artean aipatu behar dira foru lurraldeetako finantzabide sistemei buruzkoak. Fernando de la Hucha Patxi Lópezen Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko kontseilariorde izendatu zuten. Kargu hori arrazoi pertsonalengatik utzi zuen aurten, apirilean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikora itzuli zen.