Joan eduki nagusira

zoom NUPen Tuterako campusean egindako bilera.

NUPen Tuterako campusean egindako bilera.

Nafarroako, Aragoiko, Kataluniako eta Errioxako gobernuetako hezkuntza arduradunek eta Nafarroako, Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitate publikoetakoek lan saioa egin dute gaur, Tuteran, Campus Iberus proiektuari begira estrategia komunak definitzeko. Elkarren arteko ekimena da, lau unibertsitateek bultzatua, eta Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campusa (CEI) 2010 deialdira aurkezteko hautatu du.

Lehen hautaketan, proposamena laugarren lekuan geratu da, 32 hautagairen artean. Behin betiko proiektua laster aurkeztuko zaio nazioarteko batzorde bati. Horrek Nazioarteko Bikaintasun Campusaren kalifikazioa lortuko duten ekimenak hautatuko ditu. Proiektua hautatzen bada, Hezkuntza Ministerioak mailegu bat emango die autonomia erkidegoei, aurreikusitako jarduerak finantzatzeko. Mailegua amortizatzeko epea hamar urtekoa izango litzateke.

Aragoiko unibertsitatea liderra duen Campus Iberus proiektua hiru arlotan espezializatuko da: Bizi kalitaterako Materialak eta Teknologia (hiru alderditan: Ingurumena, Energia eta Osasunerako Teknologia), Nekazaritzako Elikagaiak eta Nutrizioa, eta Oroimena, Ondarea eta Nortasunak. Parte hartzen duen unibertsitate bakoitzak baliabide ezberdinak jarriko ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Osasunaren eta Ingurumenaren arloetako ikerketa teknologikoaren ikastegiak jarriko ditu. Errioxako Unibertsitateak ikastegi hauek jarriko ditu: gaztelaniazko hizkuntza-ikerketena, eta mahatsondoaren eta ardoaren unibertsitateartekoa. Lleidako Unibertsitateak Nekazaritzao Ingeniaritzako eskola jarriko du, Espainiako zaharrenetako bat, eta, halaber, ikerketa biomedikoa. Azkenik, Zaragozako Unibertsitateak bere jardueraren ekarpena emango die proiektua osatzen duten gai guztiei.

Nazioarteko Bikaintasun Campusa Zientzia eta Berrikuntza eta Hezkuntza ministerioen programa da. Unibertsitatearen 2005eko Plan Estrategikoan sartuta dago, eta helburua du Espainiako unibertsitateak Europako hoberenen artean kokatzea.


Tuterako bilera


Bilerarako deia Alberto Catalán Higueras Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak egin du. Helburua zen erkidego bakoitza, bere unibertsitatearekin batera, proiektu osoan inplikatzea, ekimenean diren arlo estrategikoen lurralde horien garapenerako duten interesari buruzko gogoeta egitea, arlo estrategikoak garatzeko erkidego bakoitzean dauden azpiegiturak partekatzea, erkidego bakoitzaren konpromiso ekonomikoaren analisia egitea eta elkarren arteko jarduera-lerroak diseinatzea.

Bi saio izan dira. Haietako bat San Adriango markesaren jauregian egin da, Tuteran. Proiektuan dauden erkidegoetako hezkuntza agintariek hartu dute parte, egoeraren analisia egiteko. Bigarrena NUPek Erriberako hiriburuan duen campusean egin da. Bertan Nafarroako, Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateetako errektoreek eta gizarte kontseiluetako ordezkariek era formalean azaldu dizkiete agintariei programaren lerro orokorrak. Proiektua Hezkuntza Ministerioari aurkeztuko zaio, haren gaineko ebaluazioa egiteko.

Nafarroaren izenean ondoko hauek agertu dira: Alberto Catalán Higueras Hezkuntza kontseilaria, Pedro José González Felipe Lanbide Heziketarako eta Unibertsitateetarako zuzendari nagusia, Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea eta Jesús Irurre Arigita NUPeko Gizarte Kontseiluko burua. Aragoitik ondoko hauek etorri dira: Fernando Beltrán Blázquez Zientzia, Teknologia eta Unibertsitaterako kontseilariordea, Manuel José López Pérez Zaragozako Unibertsitateko errektorea, Aurelio López de Hita; Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko buruordea eta Javier Sánchez Asín Nazioarteko Bikaintasun Campusekoa. Kataluniatik etorritakoak dira Josep Ribas Seix Unibertsitateetarako zuzendari nagusia, Joan Viñas Salas Lleidako Unibertsitateko errektorea, eta Celia Perpiñá Roma, Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko idazkaria. Azkenik, Errioxatik ondoko hauek etorri dira: Luis Alegre Galilea Hezkuntza, Kultura eta Kirol kontseilaria, José Abel Bayo Martínez Unibertsitateetarako eta Etengabeko Prestakuntzarako zuzendari nagusia, José María Martínez de Pisón Cavero Errioxako Unibertsitateko errektorea, eta José Luis López de Silanes Busto Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko burua.