Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitara eman du “Sociedades modernas y desafíos multiculturales” liburua. Bertan aztertzen da nola planteatu behar den aniztasunarekiko hezkuntza arreta, atzerriko ikasleak dauden ikasgeletan. Liburu honen egileak dira Alicia Peñalba Vélez, NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Didaktika eta Ikastetxearen Erakuntza arloko irakaslea, eta Benjamín Zufiaurre Goikoetxea, NUPeko Didaktika eta Ikastetxearen Erakuntza arloko katedraduna. Liburu hau “Psikologia eta Pedagogia” bildumako 6. alea da, eta 18 eurotan dago salgai.
Egungo gizarte global eta anitzak modu askotan islatzen dira eskoletan. Horietako bat, ikusgarriena hain zuzen, ikasgeletan atzerriko ikasleak agertzea da. Ikasle horiek ekarri duten errealitate kulturalaren ondorioz profesionalek ikusi dute era partekatuan eztabaidatzeko beharra, eskolako edukien eremuan, hezkuntzako proiektu demokratiko zabal bati begira. Eztabaida hori kulturaniztasunaren eta kulturartekotasunaren esparruan egiten da.
“Sociedades modernas y desafíos multiculturales” liburuaren lehen zatian egileek kulturarteko curriculuma kokatzen dute egungo eskolako errealitatean, kulturaniztasunari buruz mendebaldean diren diskurtsoak eta jokabideek markatuta baitago. Ondoren, kulturaniztasunaren inplikazioak erakusten dituzte, ahalbidetzen dutenak esanahi irekia bilatzea gizarte postmodernoetan kulturatzat jotzen ahal dugun horri.
Integrazioa eskolan eta gizartean
Liburuaren hirugarren zatiak ikertzen du nola bizitzen duten atzerriko ikasleek haien integrazioa eskolan eta gizartean. Azken zati horren ondorioen oinarria den azterlanak aztertu ditu atzerriko ikasleen pertzepzioak, beraiek kulturan eta gizartean duten parte hartzeari buruz. Azterlana Iruñeko eta Iruñerriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau ikastetxetan egin da. Egileek adierazten dutenez, elkarren arteko ezagutza kulturala modu naturalean egiten da, kideek eskolan zein eskolatik kanpo izaten dituzten elkarren arteko eraginen bidez. Beraz, beste kulturen ezagutzaren sistematizazioari ekin behar zaio, ikastetxeetan aniztasunari arreta emateko ardura duten hezkuntzako profesionalen bidez.