Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak hitzaldi ziklo bat antolatu dute “Gazteak eta politika“ gaiari buruz. Zikloan adituek emateko lau hitzaldi programatu dira iraila eta urria bitartean. Hitzaldi guztiak izango dira arratsaldeko 19:30ean Foru Ganberaren egoitzan eta sarrera doan da. Zikloa heldu den asteazkenean hasiko da, irailaren 15ean, UHUNeko Soziologia Publikoko irakaslea eta unibertsitate honetako Gazteria eta Gizartea Graduondoko zuzendaria den Jorge Benedictok emango duen hitzaldi batekin. Benedicto honako gai honetaz mintzatuko da: “Gazteen mundu politikoak: alternatiba bat gazteen ezaxola politikoaren tesirako”.
Hitzaldi ziklo honen antolaketa NUPen eta Parlamentuaren artean “interes komuneko kultura jarduerak” egiteko sinatu duten lankidetza hitzarmenaren barnean sartzen da. Jarduera horiek, funtsean, unibertsitateko ikasleen eta hiritarren “prestakuntza”ra bideratuta daude. Aurreko urtean, bi erakundeek beste ziklo bat antolatu zuten jarduera programa honen barnean, honako izenburu honekin: “Krisialditik bestela ateratzea: alternatiba berriak ekonomia eredurako”.
Izango diren lau hitzaldietako bakoitzaren biharamunean NUPen egingo diren mahainguruekin osatuko da hitzaldi ziklo hau. Bertan, hizlariek beren ikuspuntuak azaltzeko eta unibertsitateko irakasleekin, ikertzaileekin eta ikasleekin alderatzeko aukera izango dute.
Partaidetza eta eremu publikoa
Enrique Gil Calvo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Soziologiako irakasleak emango du bigarren hitzaldia, urriaren 6rako programatuta dagoena, honako izenburu honekin: “Espazio publikotik kanpoaldean”. Enrique Gil Calvok hogei bat liburu argitaratu ditu eta 1997ko Anagrama Saiakera Saria, 1991ko Espasa Saiakera Saria eta 2006ko Jovellanos Nazioarteko Saiakera Saria irabazi zituen.
“Gazteak eta Politika” zikloak urriaren 27an jarraituko du berriz Irene Martín Cortés Euskal Herriko Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politikoen irakaslea eta Hezkuntza Ministerioaren Ebaluazio Institutuko nazioko aditu gisa aritzen den lankidearen hitzaldiarekin. Hitzaldiaren gaia honako hau da: “Espainiako gazteen parte hartzeko moduak ikuspegi konparatuan, arreta berezia jarriz eskola eremuan”.
“Gazteen kultura politikoa: auzi dialogikoa” da zikloko azken hitzaldiaren izenburua. Azaroaren 10ean eskainiko dute Miren Pascual eta Mikel Subiza hizlariek. Lehenbizikoa Erizaintzan diplomaduna, eta Soziologian lizentziaduna da, eta NUPek ematen duen Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamiketan graduondoko masterra du. Bestalde, Mikel Subiza ere Soziologian lizentziaduna da eta masterra du Aldaketa dinamiketan. Gaur egun doktoretza aurreko beka du NUPen.