Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Humberto Bustince, Carlos López, Edurne Barrenechea eta Mikel Galar

Ezkerretik eskuinera, Humberto Bustince, Carlos López, Edurne Barrenechea eta Mikel Galar

Edurne Barrenechea, Mikel Galar, Carlos López eta Ramón Fuentes ikertzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Automatika eta Konputazio Sailekoak, eta Humberto Bustince, Konputazioaren Zientziak eta Adimen Artifizialeko irakaslea, Espainiako 2010eko Informatika Biltzarrean (CEDI) egongo dira aste honetan. Biltzarra irailaren 7tik 10era egingo da, Valentzian. Gainera, sinposio bateko osoko bilkura Bustince irakasleak emango du.

CEDI horren egitura multi-biltzarra da. Sinposio, jardunaldi edo topaketen bidez informatikak eragindako ia arlo guztiak hartzen ditu. Haietako bakoitzean, komunikazioen bidez, alderdi berritzaileenak aurkezten dira, etorkizunean garatzeko aukera handiena dutenak, betiere unibertsitatearen eta zientziaren ikuspegitik.

Horiek horrela, NUPeko ikertzaileek parte hartuko dute Logika lausoa eta soft computing sinposioan. Eztabaida foro horretan aipatu arloarekin lotutako emaitzak aurkeztu, ideiak eztabaidatu eta proiektuak azaldu ahal dira. Sinposio honetako osoko bilkuraz arduratuko da Humberto Bustince irakasle titularra. “Multzo lausoen hedapenak jakintzaren irudikapenean” gaiari buruz hitz egingo du Bustincek.

Egun, Humberto Bustince buru duen taldeak hiru ikerketa lerrotan lan egiten du: teorika, konputazio ebolutiboa eta irudiaren prozesamendua. Azken horrek aplikazio asko ditu zientzian, industrian, medikuntzan, bankan, eta bestelako arloetan. Teoria lausoa gai da zehaztugabetasuna eta informazio osatu gabea jasotzeko, eta horrela sistema konplexuak eratu eta tresnak sortu ahal ditu, zientziaren hainbat arlotan oso baliagarriak direnak. Arlo horietako bat irudien analisia da, ereduak ezagutzetik konputagailuaren bidez ikusteraino iristen dena.

NUPeko ikertzaileek CEDIn aurkeztuko dituzten komunikazioak, logika lausoaren arlokoak, ondoko hauek dira: “Ertzen irudi lausoak sortzea, gradienteen irudietatik abiatuz”, “Atanassoven antzekotasunaren neurri lausoak eta intuizionistak ereduak ezagutzeko aplikatuak” eta “Erlazio bidezko sistema lausoen gaineko morfologia matematikoa” Logika lausoaren oinarrizko kontzeptuen interpretazio bat, higadura eta dilatazio morfologikoen bidez”. Gainera, Mikel Galarrek bere lan hau aurkeztuko du: Konputazio ebolutiboa: algoritmo genetikoak eta sailkapena.

CEDI bi urtetan behin egiten da. 2007ko edizioa Zaragozan izan zen; 20 sinposio egin ziren eta 15 lurraldetatik etorritako 1.400 pertsona agertu ziren.