Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan bihar, ostiralean, irailaren 3an, 2010-11 ikasturtea hasiko da, Graduko 2.000 inguruko ikaslee berriei Harrera Egiteko Egunarekin. Datorren ikasturteko lehen seihilekoan matrikulatutako gainerako ikasleak irailaren 6an, astelehenean, hasiko dituzte eskolak. Horrela, abian jarriko da NUPek 2010-11 ikasturterako onetsitako egutegi berria, irakaskuntza guztiak Europako Unibertsitate Eremura (EUE) egokituta emango direla.

2.000tik gora ikasle matrikulatu dira, dagoeneko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-11 ikasturterako eskaintzen dituen 16 gradu titulu berrietan. Horietatik, 1.700 baino gehiago sarrera berriko ikasleak dira, eta gelditzen diren 200 inguru horiek NUPen ikasten ari ziren plan zaharreko titulazioetan (diplomaturak eta lizentziaturak), eta gradu berrietara egokitzeko erabakia hartu dute. Unibertsitateak ikaspostu guztiak bete ditu eskaintzen dituen 16 graduetatik 14tan, eta soilik gelditzen dira ikaspostuak hutsik Tuterako campusean ematen diren Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzan.Graduko ikasle berriei Harrera Egiteko Eguna, bihar ostiralean, irailaren 3an, goizeko bederatzietatik aurrera garatuko da Arrosadiko campusean eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan, horietan 14 Gradu emango baitira, eta, Tuterako campusean, non Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza Graduak emango baitira. Eskolak emateko orduak eta ikasgelak kontsultatu ahal dira NUPen webgunean (www.unavarra.es).

Irakaskuntza egutegi berria

NUPek ikasturte honetarako EUEra egokitutako 16 Gradu titulazio eskaintzen ditu guztira. Horietako bi joan den 2009-10 ikasturtean ematen hasi ziren (Haur Hezkuntzako Irakaslea eta Lehen Hezkuntzako Irakaslea). Gradu ikasketa berrien irakaskuntza egutegia seihilekotan egituratzen da, eta haietako lehena heldu den irailaren 3an hasiko da, -Irakasle graduetako bigarren mailakoentzat irailaren 6an- eta urtarrilaren 26an amaituko da. Bigarrena 2011ko otsailaren 7tik ekainaren 17ra bitartean emango da. Lehen seihilekoan aukerako ebaluaziorako aldia 2011ko urtarrilaren 7tik 22ra izango da, eta bigarrena ekainaren 6tik 18ra finkatu da.

Bestalde, antzinako planeko titulazioak (lizentziaturak eta diplomaturak) egiten ari diren ikasleentzako egitura lauhilekoetakoa izango da, lehen bezala. Lehenbizikoa 2010eko irailaren 6an hasi eta abenduaren 23an amaituko da. Lehen lauhileko honetako azterketa aldia urtarrilaren 7tik 26ra izango da. Bestalde, bigarren lauhilekoa 2011ko urtarrilaren 27tik maiatzaren 18ra bitartean emango da, eta azterketak maiatzaren 19tik ekainaren 4ra bitartean egingo dira. Azterketetarako aparteko deialdia ekainaren 20tik uztailaren 2ra aurreikusten da.