Joan eduki nagusira

zoom Ander Azcarate Olaran

Ander Azcarate Olaran

Ander Azcarate Olaranek bere doktoretza tesian ingurumenarekiko jasangarriak diren makina-erremintak diseinatzeko eredu bat garatu du eta indize bat zehaztu diseinu alternatibak alderatzeko eta, jasangarritasunaren ikuspuntutik, enpresa baten eta bere produktu gamaren bilakaera neurtzeko bidea ematen duena. Proposatutako eredua balidatzeko, fresatzeko makina multzo baten diseinuan aplikatu zuen, eta makinarako hiru konfigurazio ezberdin aztertu zituen. “Frogatu da sistema gai dela ebaluatu eta alternatiba bat proposatzeko, izan ere, aztertutako kasuan, makinaren jasangarritasunaren indizea % 23an hobetu zuen, egungo diseinuarekin alderatuta”.

Zulagailuak, tornuak, fresatzeko makinak, prentsak, leuntzeko makinak, zerrak, profilatzeko makinak, eta abar dira industrietan erabiltzen diren makina erremintetako batzuk. Ander Azcaratek garatutako eredua hainbat modulu dituen plataforma informatiko bakar batean sartzen da, eta makinen arkitekturen etorkizuneko berrikuntza teknologikoak kudeatu, ebaluatu eta aztertzen ditu. Bere lanean, gainera, faktore horietan oinarrituta, Makina Erreminten Jasangarritasun Indize (MEJI) bat ere azaltzen du, izan ere, bakarra dena zientziaren eremu honetan. “Indize horri esker, enpresa fabrikatzaileek produktu-zorroaren bilakaera aztertu eta zorro hori handitzeko diseinuen kontzepzioa zuzendu ahalko dute, jasangarritasun terminoetan”, dio Azcaratek.

Izan ere, aplikazio informatikoak, aurredefinituta dauzkan parametroei esker, eta makina-erremintaren diseinatzaileak sartzen dituen aginduekin, behar diren kalkuluak askoz azkarrago eta eraginkorrago egin ahal ditu. Gainera, eragiketan jasangarritasunaren hiru bektore nagusiak hartzen dira kontuan: ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala.

“Proposatzen dudan indizea 3 bektore nagusi horiez osatzen da eta horietako bakoitzak, bere aldetik, ezaugarri nagusiak ditu: esaterako, bizi-zikloaren kostua, produktibitatea, zehaztasuna, kontsumo elektrikoa, materialen kontsumoa, segurtasuna, erabiltzeko erraztasuna eta ergonomia”. Ikertzaile honek asmatu duen MEJIa makina-erremintaren sektorera egokitua dago, baina beste produktu batzuetarako jarraibidea izan daiteke.

“Modelo para el diseño de máquinas herramientas sostenibles” (Makina-erreminta jasangarriak diseinatzeko eredua) tesia NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko Paulino Martínez Landa irakasleak zuzendu du, eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du. Ander Azcarate industria ingeniaria Ideko Sociedad Cooperativa zentro teknologikoko ikerketa eta berrikuntza estrategikoaren lerroko arduraduna da. Bere ikerketa jardueraren ardatz hartu ditu adimen lehiakortasunaren eremuak, sormenaren kudeaketa eta produktu berrien eta/edo zerbitzuen garapena makina-erremintaren esparruan.

Planteatutako produktu-alternatiben jasangarritasuna ebaluatzeari dagokionez, makina-erreminten enpresa fabrikatzaileentzako eta erabiltzaileentzako kontzepturik garrantzitsuena bizi-zikloaren kostua da. “Softwarea gai da kostu ereduak hiru dimentsiotan definitzeko, kontuan hartuz makina-erreminten bizi-zikloaren faseak, kostuen kategoriak eta arkitekturak –azaltzen du-. Gainera, tresna honek hainbat alternatibaren bizi-zikloak kalkulatu eta azter ditzake, ikuspegi eta adierazpen grafiko ezberdinen bidez, sistemak, beren bizi-zikloan zehar, izaten dituzten kostu elementu nagusiak ikustaraziz”.

Ingurmenari dagokionez, metodologia pertsonalizatua garatu da makina-erreminten ingurumen inpaktua aztertzeko makinen bizi-ziklo osoan zehar. Horrela, aplikazioak makina-erreminten ingurumen inpaktuaren analisia errazten du, ingurumen alderdiak identifikatzen ditu sektorerako, materialen eta prozesuen inbentario zehatza egiten du eta ingurumen inpaktua murrizteko neurri zehatz multzo bat eskaintzen du.

Azkenik, bektore sozialak gizakien eta makinen arteko elkarreraginarekin lotutako kontzeptuetan oinarrituz, hainbat alternatiba ematen ditu: segurtasuna, ergonomia, komunikazioa, erabiltzeko erraztasuna, eta abar dira makina-erreminten diseinatzaileek kontuan hartu beharko lituzketen alderdiak sistemak proposatzen dituen produktuaren alternatibak ebaluatzean.

Aztertutako kasua

Proposatutako eredua balidatzeko xedez, eredu hau Soraluce Sociedad Cooperativa enpresan aplikatu zen, aerosorgailuen abatzak mekanizatzeko zutabe mugikorreko fresatzeko makinen multzo bat diseinatzeko xedez. Frogatu zen sistema gai dela Makina Erreminten Jasangarritasun Indizea definitzen duten ebaluazio irizpideei hobekien egokitzen zaion alternatiba ebaluatu eta proposatzeko. Aztertutako kasu hartan, jasangarritasun terminoetan hobekien balioetsi zuen alternatibak % 23an hobetu zuen jasangarritasun indizea gaur egun enpresak abatz eolikoak mekanizatzeko daukan makinaren diseinuarekin alderatuz.