Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2010-11 ikasturte berria hasiko da heldu den astean Graduko ikasleei Harrera Egiteko Egunarekin ostiralean, irailaren 3an. Datorren ikasturteko lehen seihilekoan matrikulatutako gainerako ikasleak irailaren 6an, astelehenean, hasiko dituzte eskolak. Horrela, abian jarriko da NUPek 2010-11 ikasturterako onetsitako egutegi berria, irakaskuntza guztiak Europako Unibertsitate Eremura (EUE) egokituta emango direla.

NUPek ikasturte honetarako EUEra egokitutako 16 Gradu titulazio eskaintzen ditu guztira. Horietako bi joan den 2009-10 ikasturtean ematen hasi ziren (Haur Hezkuntzako Irakaslea eta Lehen Hezkuntzako Irakaslea). Gradu ikasketa berrien irakaskuntza egutegia seihilekotan egituratzen da, eta haietako lehena heldu den irailaren 3an hasiko da, -Irakasle graduetako bigarren mailakoentzat irailaren 6an- eta urtarrilaren 26an amaituko da. Bigarrena 2011ko otsailaren 7tik ekainaren 17ra bitartean emango da. Lehen seihilekoan aukerako ebaluaziorako aldia 2011ko urtarrilaren 7tik 22ra izango da, eta bigarrenekoa ekainaren 6tik 18ra finkatu da.

Bestalde, antzinako planeko titulazioak (lizentziaturak eta diplomaturak) egiten ari diren ikasleentzako egitura lauhilekoetakoa izango da, lehen bezala. Lehenbizikoa 2010eko irailaren 6an hasi eta abenduaren 23an amaituko da. Lehen lauhileko honetako azterketa aldia urtarrilaren 7tik 26ra izango da. Bestalde, bigarren lauhilekoa 2011ko urtarrilaren 27tik maiatzaren 18ra bitartean emango da, eta azterketak maiatzaren 19tik ekainaren 4ra bitartean egingo dira. Azterketetarako aparteko deialdia ekainaren 20tik uztailaren 2ra aurreikusten da.

Graduko ikasleei Harrera Egiteko Eguna ostiraleko, irailaren 3ko, goiz osoan zehar garatuko da Arrosadiko campusean eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan eta 14 Gradu emango dira, eta, Tuterako campusean, Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza Graduak emango dira.

Ikasposturik gabe 16 Graduetatik 14tan

1.700dik gora ikasle matrikulatu dira, dagoeneko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-11 ikasturterako eskaintzen dituen 16 gradu titulu berrietan. Matrikularako azken epea oraindik iritsi ez denean, abuztuaren 30ean eta 31n izango baita heldu den astean, NUPek ikaspostu guztiak bete ditu 16 graduetatik 14tan. Zehazki, soilik gelditzen dira ikaspostuak hutsik Tuterako campusean ematen diren Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, prozesua hasi denetik, aurreinskripziorako 4.800 eskaera jaso ditu guztira, alegia, aurreko ikasturteko 4.095 eskaerekin alderatuta, 700dik gorako igoera. Kopuru handi honek 1997-98 ikasturtetik lortzen ez zen aurreinskripzioaren mailan jartzen du NUP.