Unibertsitate komunitateko kide guztiei zuzendutako berrogeita hamar kirol jarduera eskainiko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-2011 ikasturtearen lehen sehilekoan. NUPeko Kirol Atalak prestatutako programaren barnean sartzen dira kirol eskolak, ikastaroak, unibertsitateko txapelketak eta lehiaketak, bai eta kirol jarduera federatuak ere. Azken helburua da kirol jarduera fisikoen praktika erraztu eta sustatzea, osasun ohiturei jarraitzeko, lehiaketa-jardueren beharrak asetzeko, pertsonaren prestakuntzarako eta ezagupen berriak hartzeko, jostetarako eta besteekin harremanetan jartzeko, edo irakaskuntzako jardueraren osagarri izateko.
Kirol Eskolek eskaintzen dituzte jarduera eta toki gehien. Zehazki, 31 eskola programatu dira ikastaroaren lehen sehilekorako, eta guztira 855 toki dituzte. Eskolek kirol modalitateak eta horien teknikak eta taktikak ikasteko dira, eta, aldi berean, ariketa fisikoa egiteko. Aurten 31 modalitate eskainiko dira: aerobic (3), dantza latinoak, saskibaloia, eskubaloia, defentsa pertsonala, eskalada, kirol entrenamendua, emakumezkoen areto futbola, golfa, mantentze gimnasia, belar hockeya, igeriketa (2), Pilates (2), errugbia, spining (2), tai-chi, tenisa (2), arku-tiroa, triatlona, boleibola, waterpoloa, emakumezkoen pilota, esgrima, naturan egiteko jarduerak eta askotariko jarduerak (Tuterako campusa).
Eskoletan aurreinskripzioa egiteko epea zabalik dago irailaren 10 arte, eta zuzenean Kirol Bulegoan egin daiteke –Arrosadiko campusa–, edo inscripcion.escuelas.deportivas@unavarra.es posta elektronikora idatziz. Astean bitan ordu eta laurdeneko saioak egingo dira irailaren 20tik abendua arte.
Ikastaroetan kirol jarduera fisikoak egin daitezke, modalitate bakoitzeko teknikari espezialista baten zuzendaritzapean. Hurrengo ikasturteko lehen sehilekoan ikastaro hauek eskainiko dira: golfa, pilates, aerobic eta mantentzea, batzuetan igeriketako, muskulazioko eta lan aerobikoko programa konbinatuen bidez. Gutxienez ere 10 pertsonak izena eman behar dute ikastaro bat egiteko, eta inskripzioak Kirol Atalean egin daitezke abuztuaren 30etik irailaren 7 arte, unibertsitate komunitateko kidea izanez gero, eta irailaren 8tik 10era gainontzekoek. Ikastaro guztiak irailaren 20an hasi eta abenduaren 22an amaituko dira, golf ikastaroak izan ezik, horiek abenduaren 17an amaituko baitira.
Kirol praktika antolatuari dagokionez, nabarmentzekoa da Unibertsitateko XXI. Torneoa. Unibertsitate Komunitateko kide guztiek eta ikasle ohiek parte har dezakete txapelketa horretan. Taldekako zazpi kirol modalitate eta banakako zortzi programatu dira guztira. Irailaren 20tik 24ra egin daiteke inskripzioa taldekako kiroletan, eta irailaren 27tik 30era banakako kiroletan.
Intereresa dutenek, datorren ikasturteko lehen seihilekoko kirol programazioari eta inskripzioari buruzko
informazio osoa http://www1.unavarra.es/deportes helbidean aurkitu ahal dute.