Joan eduki nagusira

zoom Ana Isabel Aranguren Aramburu

Ana Isabel Aranguren Aramburu

“Beharrezkoa da aniztasuna elementu aberasgarri gisa ikustea eta kontuan hartzea musika arloaren ahalmena kulturarteko hezkuntzaren helburuak garatzeko”. Horixe da Ana Isabel Aranguren Arambururen doktoretza tesiaren ondorioetako bat, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako musika geletan dagoen kultura aniztasuna aztertzea helburu nagusitzat izan baitzuen.

Tesiaren izenburua da “Kultura aniztasunaren azterketa DBHn: Identitatea eta irakaskuntza estrategiak musikaren eremutik Nafarroako Foru Ekidegoan”. Tesiak Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du eta NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Manuela Jimeno, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Musika Adierazpenaren Saileko Maravillas Díaz eta Gotzon Ibarretxe irakasleen artean zuzendu dute.

"Hezkuntza formalaren, ez formalaren eta informalaren eremuetan, musika hezkuntza baldintzatzen duten identitate elementuek nola eragiten duten, eta kultura arteko hezkuntza eredua ahalbidetzen duten hezkuntza estrategiak zein diren jakin nahi nuen” azaldu du Ana Isabel Arangurenek.

Bere ikerketan kontuan hartu zituen DBHko 3. mailako irakasleak eta ikasleak, eta, horretarako, dagoen kasuistika islatzen duen lagina hautatu zuen: ikastetxearen titulartasuna, hizkuntza eredua, eremu geografikoa, tamaina eta hezkuntza mota (mistoa edo bereizia). Bere azterlanerako datuak 11 ikastetxetako ikasleei egindako galdetegien eta elkarrizketen bidez bildu zituen. Horrela, beste ezaugarri batzuk ere aztertu zituen, esaterako, ikasleen jatorria, hizkuntza, familia ingurua, musika-kulturekiko autoidentifikazioa, musika kontsumoa, musika prestakuntza eta teknologien erabilera.

Atera dituen ondorioen artean, ikertzaile honek nabarmendu du aniztasuna elementu aberasgarri gisa ikusteko beharra; beste herrialde batzuetan garatutako ereduetan oinarrituta, bilakaeraren garrantzia hezkuntza esku-hartzean; eta musika arloaren ahalmena kulturarteko hezkuntzaren helburuak garatzeko.

Gaur egun, Ana Isabel Aranguren aitzindaria da Nafarroan, Iruñeko Plaza de la Cruz BHI Institutuan eskaintzen den Arte Eszenikoak, Musika eta Dantza batxilergoko modalitate berriaren ezarpenean, bere ikerketaren emaitzak aplikatuz neurri batean.