Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Asociación Xilema elkartearekin lankidetzan, Erakundeetako Pertsonen eta Taldeen Lidergoan Espezializatzeko Ikastaro bat antolatu du. Ikastaroa NUPeko Unubertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen du, 2010eko urritik 2011ko ekainera arte iraungo du, eta 18 ikaspostu izango ditu, gehienez ere. Izena emateko epea datorren urriaren 1ean bukatuko da. Interesa dutenek infofrmazio gehiago aurkitu ahal dute NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arloan, Sario eraikinean baitago, edo ondoko hauen bidez: 948 169 770 eta 948 169 813 telefonoak, www1.unavarra.es\fundacionuniversidadsociedad webgunea eta fundacion.formacion@unavarra.es helbide elektronikoan. Ikastaro honetan izen-ematea Interneten bidez egin behar da.

Espezializatze horren helburua da pertsonak prestatzea lan-taldeen eta erakundeen liderrak izateko. Horregatik, ikastaroa zuzendu zaie erakunde batean, administrazio publikoan zein entitate pribatuetan, arduradun postuak betetzen dituzten profesionalei, lan taldeen liderrak izan behar dutenei. Era berean, ikastaroak prestakuntza eskaintzen du lidergoarekin eta prozesu instituzionalekin lotutako alderdietan, egun oso garrantzitsuak baitira kontsultoretza eta coaching arloetan, gaitasun teorikoa eta praktikoa eskuratzeko.

Ikastaroa Javier Merino Díaz de Cerio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak zuzentzen du, eta kontsultoretza eta lidergo arloetako profesionalek emango dute. Horien artean ondoko hauek ditugu: William Halton, erakundeetarako kontsultore independentea, coach exekutiboa, Leister Consultores Madrid taldeko kidea eta Tavistock Consultancy Serviceko kontsultoreburu ohia; Anton Obholzer, erakundeetarako kontsultorea eta coach, lidergo estrategikoan eta aldaketaren erabileran interesa duena, eta 17 urtez Londresko Tavistock zentroko zuzendari izana; Manuel Seijoo, abokatua eta Leister Consultores taldeko zuzendaria, Asociación Española de Coaching y Consultoría de Procesos (AECOP) elkarteko zuzendaria eta Federación Iberoamericana de Coaching (FIACE) elkarteko zuzendaria; Coral López, Psikologian lizentziaduna eta Leister Consultores taldeko bazkide kontsultorea; eta Gabriela Braun, erakundeetarako kontsultorea, coach, prestatzailea eta gainbegiralea.

Eskola teorikoen eta praktikoen bidez, parte-hartzaileek liderraren rola, jarraitzailearena eta bestelako rol adierazgarriak bete beharko dituzte. Ikastaroa zortzi lan saiotan egingo da. Gehienak ingelesez emango direnez, gaztelaniarako aldibereko itzulpena egongo da.

Asociación Xilema

Sortu zenetik, Xilemako profesionalen helburu nagusia da bizikidetzarako guneak sortzea pertsonen artean, eta pertsonen eta gure gizartea eratzen duten erakundeen artean. Haien eguneroko lana gidatzen duen metodologia Londresko Tavistok institutuaren ikerketetan oinarritzen da. Eredu horren arabera, taldeen, erakundeen eta sistema sozialen egoerak, portaerak eta erreakzioak benetan ulertzen dira, gehienetan, norberaren eta besteen esperientzien bizipen kontzienteen bidez. Eredu honetan prestatzeak aukera ematen die profesionalei prozesu eta dinamika psikologikoen erabilera ikasteko. Prozesu horiek gizabanakoengan, taldeetan eta antolaketan berean, “azaleraren azpian”, eragiten dute eta haren errendimendua eta helburuak lortzea baldintzatzen dute.