1.700dik gora ikasle matrikulatu dira, dagoeneko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-11 ikasturterako eskaintzen dituen 16 gradu titulu berrietan. Matrikularako azken epea oraindik iritsi ez denean, abuztuaren 30ean eta 31n izango baita, NUPek ikaspostu guztiak bete ditu 16 graduetatik 13tan. Hain zuzen, hamarren bat ikaspostu bete gabe gelditzen dira ondoko titulazioetako bakoitzean: Soziologia Aplikatua, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza. Guztiak Tuterako Campusean ematen dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, prozesua hasi denetik, aurreinskripziorako 4.800 eskaera jaso ditu guztira, alegia, aurreko ikasturteko 4.095 eskaerekin alderatuta, 700dik gorako igoera. Aurreinskripzio kopuru handi hori ez zen NUPen gertatzen 1997-98 ikasturtetik. Unibertsitateak aurreinskripzio aurreratua egiteko epea irekitzen du apirilean, eta hori osatzeko ekainean ohiko aldia dago, eta ohiz kanpoko epe bat, uztaileko deialdian hautaprobak gainditu dituzten ikasleentzat.
Baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, aurreinskripzioa onartu dieten ikasleak, guztira, 3.221 dira. Kontuan hartuz NUPek Graduko lehen ikasmailarako eskaini ahal dituen ikaspostuak 1.725 direla, esan daiteke aurreinskripzioa onartu zieten ikasleetatik ia erdiak ezin izan direla matrikulatu.
NUPek datorren ikasturtean emango dituen Gradu titulazioetatik bostetan, eskaeren kopurua eskainitako ikaspostuenaren bikoitza izan da. Ondoko Gradu hauek dira: Haur Hezkuntzako Irakaslea, Lehen Hezkuntzako Irakaslea, Ekonomia, Fisioterapia (Tuterako Camnpusa) eta Erizaintza.
Beste alde batetik, aipatzekoa da onartu diren aurreinskripzioetatik %76,7 nafar ikasleek aurkeztu dituztela, eta gainerako % 23,2 beste autonomia erkidego batzuetatik iritsi direla. Azken honi dagokionez, aipatu behar da Nafarroan bizi ez diren ikasleen eskaerak % 16,8tik 23,2ra igo direla.
Ikasturte honetan gehitu diren beste berritasunak dira Unibertsitatean Sartzeko Proba (Hautaprobak) berria ezartzea, eta Unibertsitatera Lanbide Heziketatik iristen diren ikasleentzako sarrera-kupoak desagertzea. Datorren ikasturterako matrikulatutako ikasleetatik, % 76,5 Batxilergotik iritsi dira, % 19,4 Lanbide Heziketatik, eta gainerakoak dira 25 urtez gaindikoak, eta goi mailako tituludunak eta kirolariak, besteak beste.