Joan eduki nagusira

zoom José Antonio Echauri Tijeras

José Antonio Echauri Tijeras

José Antonio Echauri Tijeras, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Psikologian doktorea, beren bikotekideei tratu txarrak eman dizkieten gizonen psikopatologia eta nortasun faktoreak aztertu eta analizatu dituen estatu mailako lehen doktoretza tesiaren egilea da. Nafarroako tratamendu programen eraginkortasuna aztertu du bere lanak. Berak adierazitakoaren arabera, programa horiek % 45eko arrakasta tasa, % 39ko hobekuntza tasa eta % 16ko porrot tasa dute.

Bere azterketaren abiapuntu gisa erabili zuen Psikologia Juridikoaren eta Auzitegi Psikologiaren Institutuko (PSIMAE) psikologo taldeak genero indarkeriarekin lotutako erasotzaileei zuzendutako tratamendu programetan egunero egindako lana. Nafarroako Gobernuaren Justizia arloko Zerbitzu Sozialak garatzen ditu programa hauek, aipatu zerbitzua 2005ean sortu zenetik.

Bikotekideari eraso egiten dioten pertsonen tratamendua bi bloketan banatzen da: talde anbulatorioa eta espetxeko taldea. Programan beren borondatez edo zigor etendura dela medio sartzen diren pertsonek osatzen dute lehenengoa; bigarrena, berriz, bakarrik borondatezko sarbidea duten pertsonek eta espetxeko Tratamendu Batzordeak bidalitakoek.

José Antonio Echauriren doktoretza tesiak, “Eficacia de un programa de tratamiento psicológico para hombres maltratadores en la relación de pareja. Características psicopatológicas y resultados terapéuticos” izenburua duenak, Bikain cum laude kalifikazioa lortu zuen eta NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Javier Fernández Montalvo irakasleak zuzendu zuen.

José Antonio Echauri Tijeras UHUNen Psikologia lizentziaduna da, Errioxako Psikologoen Elkargo Ofizialean eta Europako Psikologia Aplikatuko Institutuan Auzitegi Psikologian tituludun aditua eta Gestalt Terapian tituluduna. Espainiako Psikologia Juridikoko eta Auzitegi Psikologiako Elkartearen, Espainiako Gestalt Terapiaren Elkartearen eta Iberoamerikako Psikologia Juridikoko Elkartearen kidea da, eta beren bikotekideei eraso egiten dieten gizonen ezaugarri psikopatologikoei, tratamendu programei eta beren emaitza terapeutikoei buruzko hainbat artikuluren eta biltzarretako ponentziaren egilea.

Programan parte hartzen zuten erasotzaileen (250 pertsona) soziodemografia, psikopatologia, nortasun eta egokitzapen ezaugarriak aztertu zituen ikerketarako, bai eta talde anbulatorioko eta espetxeko taldeko kideen arteko desberdintasunak ere. Gero, 101 pertsonetan —programa erabat bukatu zutenak— balioetsi zituen egindako tratamenduaren eraginkortasuna, zeinak bere barnean hartzen baititu tratamendu aurreko eta tratamendu ondoko neurriak eta jarraipen neurriak. Azkenik, tratamendu programa amaitzean lortzen diren emaitza terapeutikoak zeintzuk diren aurrez esaterakoan pisu espezifiko gehien duten aldagaiak zehaztu zituen.

Gizon gazteak eta pentsamendu desitxuratuak

Hasierako balioespenak agerian ipini zuen beren bikotekideei tratu txarrak ematen dizkieten gizonek sintomatologia psikopatologiko handi eta orokortua dutela eta emakumearen irudiari buruzko nola indarkeriaren erabilpenari buruzko pentsamendu desitxuratu ugari, bai eta nortasun nahasmenduen ehuneko handia ere. “Zehazki —ohartarazten du Echaurik—, pertsona horien herenak aurrekari psikiatrikoak ditu, eta aurrekari horien erdia baino gehiago adikzio motaren bati zor zaio (alkohola eta/edo drogak). Orokorrean, gizon gazteak dira, batez beste 37 urteren bueltan dabiltzanak, 30 urtez azpiko pertsonak % 27 badira ere. Eta erdiak baino gehiagok esaten du haurtzaroan tratu txarrak jasan zituela”.

Ondorioen artean, ikertzaile honek agerian ipintzen du tratamendu programaren erabilgarritasuna eta eraginkortasun handia: “Programa terapeutikoa eta jarraipen fasea amaitu ondoren, esan dezakegu nabarmen jaitsi dela sintomatologia psikopatologikoaren, haserre sentimenduaren mailaren, nortasun nahasmenduen eta emakumearen irudiari buruzko eta indarkeriaren erabilpenari buruzko pentsamendu desitxuratuen tasa orokorra”.

Halaber, aipagarritzat hartu du oldarkortasuna kontrolatzen, trebetasun sozialetan eta pertsonen arteko komunikazioan egindako hobekuntza, bai eta sentimenduak antzematen eta adierazten egindako hobekuntza ere.

Horrekin guztiarekin, programaren azken balioespenaren arabera, arrakasten ehunekoa % 45ekoa da eta pertsonen hobekuntzaren ehunekoa % 39koa. Nolanahi ere, alde nabarmenak daude talde anbulatorioaren eta espetxeko taldearen artean, eta programa eraginkorragoa da lehen taldeko gizonekin.

Emaitza terapeutikoak zeintzuk izango diren aurrez esaterakoan pisu gehien izan dezaketen aldagaiei dagokienez, “indarkeriaren erabilpenari buruzko pentsamendu desitxuratuen tasa handia eta nortasunaren nahasmendu paranoidea dira tratamenduan bilakaera txarragoa iragartzen duten aldagaiak”.