Ezkerretik eskuinera: Alfredo Hoyuelos, Vicenç Arnáiz, Camino Oslé, Maximino Gómez, eta Amalia Cuartero
40tik gora lagunek aztertu behar dute, gaur astelehenean, abuztuaren 9an, hasi eta 13ra arte, Haur Hezkuntzako eskolen gaurko egoera, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten den udako ikastaro batean. Prestakuntza proposamen honen izenburua da “Haur eskolak eztabaidagai: umeak hazteko testuinguruak eta aldaketa faktoreak eskaeren erantzun sozialean”, eta Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen X. edizioan dago. Lehen haurtzaroari eta beren familiei arreta ematen dieten sektoreetan jarduten duten langile teknikoei, lan eremu horietako ikasleei, elkarteei eta erabiltzailei zuzenduta dago ikastaroa.
Hasiera ekitaldia arratsalde honetan izango da, 17:30etik aurrera, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan (Barañaingo etorbidea, z/g) emango den hasierako hitzaldiarekin. Hizlaria Vicenç Arnáiz Sancho izango da. Balear Uharteetako Gobernuaren Lehen Haurtzaroko Haurren eta beren Familien Heziketarako Institutuaren zuzendaria eta Balear Uharteetako Unibertsitatetako irakaslea da, Hitzaldiaren izenburua da “Lehen haurtzaroko haurren eta beren familien arretan ikuspegi orokorra: haurtzaroaren sozializaziotik hazkuntzaren sozializaziora”. Ondotik solasaldi bat dago programatuta. Moderatzailea Jaime Tanco Lanaz izango da, Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zuzendari teknikoa.
Udako ikastaroaren aurkezpena egiteko prentsaurreko batean egon dira gaur ekimenaren hiru zuzendariak: Maximino Gómez, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari kudeatzailea; Amalia Cuartero, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Lehen Zikloko atalburua, eta Alfredo Hoyuelos, NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea.
Ikastaro honek foro bat izan nahi du, Haur Hezkuntzak gizartean duen pertzepzioari buruz, bere garrantziari buruz, eta lehen haurtzaroari begira harrerarako eta hezkuntzarako dauden egiturei buruz. Azken urteotan gure gizartean egon diren aldaketek eragina izan dute hezkuntzaren arloan, bereziki lehen haurtzaroarekin lotutakoan. Eraldaketak izan dira familiaren egituran, eta horrek hezkuntzarako metodoetan eta hazkuntzan sortarazitako aldaketek zuzeneko eragina dute haurtzaroan.
Horiek horrela, bost ponentziatan, lau solasalditan eta hiru esperientzia-lantegitan, aztertu egingo dira gaurko hezkuntzak aurkezten dituen betebeharren aldaketa eta umeen hazkuntzak behar duen babesa, gizartean zein lanean, hazkuntzaren sozializazioaren garrantzia azpimarratuko da, gaurko gizarteak osatzen duten familia mota ezberdinak analizatuko dira, familia bizitza eta pertsonarena lanekoarekin bateragarri egiteko egun dauden hitzarmenak aipatuko dira, eta osasuna bera hartuko da kontuan, XXI. mendeko pediatriaz mintzatzeko.
Gainera, azken egunean, mahai-inguru bat egingo da, “Arloarteko ikuspegiak eta kudeaketa” izenburukoa. Bertan Hezkuntzako adituek eta langileek haien hausnarpenak azalduko dituzte. Amaiera emateko, ikastaroaren koordinatzaile batek, Maximino Gómezek, azterketarako bost egun hauen emaitzak aterako ditu.