Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak ireki du 2010-2011 ikasturteko matrikula-epea. Interesa duten pertsonek abuztuaren 30 arteko epea dute matrikula egiteko ikastegiak eskainitako hizkuntza hauetakoren batean: ingelesa, alemana, frantsesa, txinera, euskara eta espainiera.
Ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen hizkuntza prestakuntza bermatzeko Unibertsitateak eskaintzen duen zerbitzua da Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia. Zerbitzu honek izugarrizko garrantzia dauka une honetan, Unibertsitatea Europako Unibertsitate Eremura egokitzen ari baita, eta eremu horren barnean atzerriko hizkuntzen ikaskuntzak gero eta pisu handiagoa baitu nazioarteko mugikortasuna dela eta. Batez ere unibertsitate komunitateko kideei zuzentzen zaie Ikastegiaren prestakuntza, baina berau Unibertsitatetik kanpoko pertsonei ere eskaintzen ahal zaie.
Era askotako ikastaroak daude eskaintzaren barnean, eta ikasketa behar espezifikoen, hizkuntza bakoitzaren berezko ezaugarrien eta hizkuntza horiek gure ingurunean duten ezarpen-mailaren arabera diseinatu dira. Irakaskuntza presentziala edo semipresentziala da, eta ikastegiko ikasleek baliabide zentroan sartu eta mailakatutako irakurgaiak, aldizkariak eta filmak maileguan hartzeko zerbitzua erabili ahal izango dituzte.
Ikasturte honetan, aldaketa batzuk egin dira, Europako Unibertsitate Eremuan integratzeko eta Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Komuneko mailetara pixkanaka egokitzeko hartutako neurriekin zerikusia dutenak, bai eta NUPen hizkuntzak ikasteagatik kredituak emateko arautegi berriarekin ere.
Mailakatze probak uztailaren 26tik abuztuaren 24 arte egingo dira, 08:30etik 13:30era, aurretiaz txanda eskatu eskatu behar izan gabe. Matrikula prozesuari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegira (Sario eraikina, 3. modulua, Arrosadiko Campusa) jo dezakezu, telefonon zenbakia: 948 16 9791, helbide elektronikoa: centro.idiomas@unavarra.es, webgunea: www1.unavarra.es/centroidiomas.