Camino Oslé Guerendiáin Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak eta Sara Turumbay Rebolé Pertsonen Zuzendaritza eta Garapenerako Espainiar Elkartearen (AEDIPE) buruak lankidetzako esparru hitzarmen bat sinatu dute irakaskuntza eta ikerketa arloko lankidetza jarduerak garatzeko pertsonen eta giza baliabideen kudeaketan. NUPen Enpresen Kudeaketa Sailak eskatuta sinatu da hitzarmena, eta bost urteko indarraldia izango du.
Hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera, bi erakundeek lan ingurunearen eta irakaskuntza ingurunearen arteko harremana sustatuko dute pertsonen kudeaketaren esparruan, etorkizuneko profesionalek alor honetan duten gaikuntza hobetzeko esperientziak trukatuz. Ildo honetan, hitzarmenak aurreikusten du pertsonen kudeaketan diharduten profesionalek beren esperientziak azalduko dizkietela Gradu eta Master ikasleei, eta elkarteak Gradu amaierako praktikak eta lanak egiten lagunduko duela.
Hitzarmenaren beste helburu batzuk hauek dira: lantegiak eta mintegiak antolatzea, beste eragile batzuekin ekimenak garatzea, hurbileko ekonomia eta enpresa ingurunean pertsonen kudeaketarako teknikak eta praktikak, garapen eta ongizate maila handiagoak lortzera zuzendutakoak, zabaldu eta sustatzea, eta NUPeko irakasleen eta ikertzaileen eta Nafarroako AEDIPEko kideen sareak bultzatzea. Azkenik, AEDIPEk eginiko Lan eta Gizarte Azterketaren eta Ordainsarien Azterketaren lan eta gizarte atala diseinatzen, ustiatzen eta aztertzen lagunduko du Nafarroako Unibertsitate Publikoak.
Pertsonen Zuzendaritza eta Garapenerako Espainiar Elkarteak (AEDIPE) giza taldeen azterketa, kudeaketa eta garapenarekin lotutako jardueretan diharduten profesionalak biltzen ditu. Erakunde honek arlo honetako jakintzak sustatzen ditu Giza Baliabideen arduradunen etengabeko profesionaltasuna errazteko. Horretarako, aholkulariekin, negozio eskolekin, unibertsitateekin eta erakundeekin lankidetzan dihardu erakundeetan giza harremanak garatzeko.