Joan eduki nagusira

Lan eta Gizarte Prestakuntzarako eta Praktikarako Eskolak ireki du aurreinskripzio epea Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak batera antolatutako bi ikastaroetan. Lan eta gizarte praktikaren eta lan prozeduraren ezagutzean sakontzea da, hurrenez hurren, ikastaroen helburua. Aurreinskripzioa aipatu elkargoaren egoitzan egin ahalko da abuztuaren 13ra arte.

Zehazki, Lan eta Gizarte Prestakuntzarako eta Praktikarako Eskolak ikastaro hauek eskainiko ditu 2010-2011 ikasturtean: Lan eta Gizarte Praktikarako VII. Ikastaroa eta Lan Prozedurako Ikastaroa. Nafarroako Unibertsitate Publikoan emango dira biak.

Prestakuntza proposamen honekin, gizarte eta lan jardueraren ezagutzak zabaldu eta haietan sakontzeko aukera eman nahi die gizarte graduatuei, Lan Harremanetan diplomadunei, abokatuei, Lanaren Zientzietan lizentziadunei eta antzeko profilak dituztenei, bere jarduera profesionalaren kalitatea hobetzeko.

Gizarte eta Lan praktika

Lan eta Gizarte Praktikarako VII. Ikastaro Orokorra 2010eko urria eta 2011ko ekaina bitartean garatuko da, 300 orduko iraupena izango du, ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan emango da, eta bere helburua da ezagutza operatiboak ematea, profesional batek enpresaren eta haren lan harremanen arloan garatu behar dituen zereginak betetzeko eta jasotako unibertsitate prestakuntzaren osagarri izatea.

Enpresa eta aholkularitza departamentuetan espezializatzera bideratutako profila duten tituludunei eta unibertsitarioei zuzendurik dago; unibertsitate ikasketak bukatu dituztenei; eta, salbuespen gisa, azken ikasmailan egonik titulua lortzeko 25 kreditu baino gutxiago egitea geratzen zaien ikasleei.

Ikastaro hau ematen duten irakasle guztiak lanean diharduten profesionalak dira eta dagozkien gaietan adituak: lanean diharduten magistratuak, epaileak, idazkari judizialak, eta administrazio publikoetako goi mailako funtzionarioak.

Klase praktikoetara eta ikastaroaren gainerako jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta gutxienez ere ehuneko laurogeita hamarreko presentzia eta parte-hartzea izan behar dute haietan. Ikastaroaren kostua 1.750 euro da.

Lan prozedura

Bestalde, Lan Prozedurarako ikastaroa urrian hasi eta ekainean bukatuko da, eta 250 orduko iraupena du. Orduak honela banatuko dira: Prozedura, 150 ordu; oratoria, 28 ordu; eta on-line, 72 ordu. Eskolak ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan emango dira, oratoria ikastaroa izan ezik, ikastaro honek bere egutegia baitauka.

Ikastaroa pertsona hauei zuzendurik dago: Lan Harremanetan diplomadunak diren gizarte graduatuei, abokatuei eta Lanaren Zientzietan lizentziadunei, betiere beren jarduera Lan arloko epaitegietan eta jurisdikzio-ordena horretako auzitegietan garatu edo zabaldu nahi badute. Erabiliko den metodologia nagusiki praktikoa izango da, eta parte-hartzaileek banaka eta taldeka prestatu beharko dituzte auziak, epaiketaren benetako ikustaldiarekin amaitzeko, hau da, magistratuaren aurrean jardunez. Ikastaroaren zenbatekoa 1.250 euro da.

Ikaspostu kopurua mugatua da bai ikastaro honetan, bai lan eta gizarte praktikarako ikastaroan ere, eta bietan dago Hiruko Fundazioaren bidez diru-onura eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzeko aukera, bai eta epetan ordaintzeko edo ordainketa finantzatuak egiteko aukera ere.