Ezkerretik eskuinera: Marta Tejada Jiménez, Juan José Moreno, Ignacio Matías (NUPeko TIIGMETeko zuzendaria) eta Juan Carlos Iriarte
Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak (COIT) “Ingenieros de Telecomunicación” izeneko XXX. edizioko sariak eman ditu. Juan Carlos Iriarte Galarregui Nafarroako Unibertsitate Publikoko Seinalearen Teoria eta Komunikazioko irakasleak, eta Marta Tejada Jiménez ingeniariak, sari bana eskuratu dute. Edizio honetan 244 izen emate egon dira karrerako azken proiektu onenetarako, eta 195 doktoretza tesietarako. Espainiako, Europako eta Amerikako 31 unibertsitatetatik etorri dira eta 286 ebaluatzailek berrikusi dituzte.
Juan Carlos Iriartek ISDEFE Saria jaso zuen, Segurtasuna eta Defentsa arloko Doktoretza Tesi Onenarentzat, 2.400 euro egiten dituena, eta Marta Tejadak, berriz, COIT Saria, Telekomunikazioen Arauketa, Ekonomia eta Kudeaketa arloko Ikasketa Amaierako Proiektu Onenarentzat, 1.200 euro egiten dituena. Aurreko urteetan bezala, espezialitate bakoitzeko sari bakoitza, erabiltzaileen eta arloko enpresa espainiar nagusiek babestu dute. Guztira, 9 izan dira tesi saridunak, eta karrera amaierako proiektuak 15.
Juan Carlos Iriarteren doktoretza tesian, “Design fabrication and Measurement of EBG structures and their application in Antenna Field and Reflecting surfaces” izenburukoan, egitura periodikoen (EBGs) erabilera aztertzen da, antenen eta egitura islatzaileen erradiazio-ezaugarriak hobetzeko. Berak dioen bezala “doktoretza tesi honek laguntza ematen digu ulertzeko EBG (Electromagnetic Band Gap) teknologia alternatiba erreala dela teknologia arruntaren aldean, eta gainera bidea eskaintzen duela diseinu berritzaileak egiteko”.
Marta Tejadak Ikasketa Amaierako Proiektua domotikara zuzendu zuen, eta ingurune adimentsuetan erabiltzaileak pribatutasuna izateko eskubidea bermatzen duten mekanismoak bilatzera. Hain zuzen ere, Betebeharren Protokolo bat garatu zuen, mekanismo automatizatuak ematen dituena zerbitzuen hornitzaileen eta erabiltzaileen arteko elkarrekintzak arautzeko.
Saridunekin batera, Ignacio Matías Maestro, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako (TIIGMET) zuzendaria egon zen sarien banaketan. Ekitaldia COIT erakundearen egoitzan izan zen. Bertara Juan José Moreno Hezkuntza Ministerioko Unibertsitate Politikako zuzendari nagusia agertu zen.
Unibertsitate hezkuntza, gora doan balioa
Bere hitzaldian, Juan José Morenok zorionak eman zizkien saridunei, beraiek ordezkatzen dutelako “ahaleginaz gain, berrikuntzaren eta ikerketaren izpiritua”, eta adierazi zuenez “esan dezakegu unibertsitate hezkuntza gaur gora doan balioa dela, azken urte honetan unibertsitateetako ikasle sartu berriak % 10 gehiago baitira”. Zuzendari nagusiak azpimarratu zuen Espainiak ikerketa lanen argitalpenean duen garrantzia handia: “horrek munduko rankineko bederatzigarren tokian jartzen gaitu, eta lan gehienak unibertsitate arlotik sortu dira”.