Joan eduki nagusira

zoom Teresa Gelardo Rodríguez

Teresa Gelardo Rodríguez

Teresa Gelardo Rodríguezek, Valentziako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna denak eta NUPen doktoretza egin duenak, Defentsa 2010 Saria jaso du ikerketa-lanen modalitatean lan honegatik: “Bake demokratikoaren tesia eta indarraren erabilera. Ikuspegi liberalari buruzko eztabaida nazioarteko esku-hartzeen zilegitasunean”. Oraindik ez da ezagutzen noiz emango den saria: 9.000 euro eta Miguel de Cervantesen brontzezko irudia.

Nazioarteko harremanetan ohikoa den erregulartasun bat aztertu du tesiak: bake demokratikoaren tesia izenekoa, zeinaren arabera Estatu demokratikoek ez baitiote gerra egiten elkarri. Interpretazio honen arabera, azken buruan, herrialdeen artean bakea hedatzea izan da demokrazia sustatzearen benetako arrazoia, bai etxean eta bai nazioartean ere demokraziaren eta bakearen artean dagoen harreman estua dela medio. “Ildo honetan —azaldu du Teresa Gelardok—, sistema demokratikoek ordenamendu egonkorrak sortzeko berezko joera dute botere borrokak eta gatazkak arau eta erakunde politikoen bidez bideratzen diren heinean, bai eta gatazkak konpontzeko bortxarik gabeko mekanismoen bidez ere.

Alabaina, ikerketaren egileak nabarmendu du bake demokratikoaren tesia, nagusiki bake hipotesi modura aurkezten dena, “Esku-hartze armatuak justifikatzeko erabili izan da, berriki Irakeko gerran gertatu bezala. Kasu horretan, tesiaren bilakaera horrek ez zirudien ondorio zentzugabe bat, baizik eta bere bilakaera naturala: Nazioen helburua betiko bake kantiarra bada, zergatik ez egin aldi baterako gerra-ahalegin bat, gobernu autokratikoak ezabatu eta prozesua bizkortzeko?


Indarra erabiltzea


Egin duen ikerketak erakusten du egon daitezkeen kontraesan edo aurpegi bikoitz hori berezkoa duela liberalismoak teoria politiko gisa hasiera-hasieratik. Liberalismoak bere burua funtsean bakezaletzat hartu du, eta gerraren gertakaria ukatu du gizarte zibilizatu gabekoen eta despoten fenomeno gisa aurkeztuz. “Bake demokratikoaren tesiak muga bera du —adierazten du egileak—, eta, egun, tesi hori indarraren erabilerari buruzko nazioarteko erregimen juridikoa era estalian aldatzen ari bada ere, ez du konpontzen, ez eta azaltzen ere, gerraren gertakaria”. Adibide praktiko gisa, Nazio Batuek 1991n Haitin Bertrand Aristideren gobernu demokratikoa berrezartzeko izan zuten jarduna aztertu du. Garai hartan, lehenengo aldiz, NBEren Segurtasun Kontseiluak ebazpen bat onetsi zuen, indarra erabiltzea baimentzen zuena demokrazia bat berrezartzeko, Haiti barneko egoera politikoa mehatxua zelako nazioarteko bakearentzat.

Orain saritutako lanaren azken zatian, nazioarteko ordenaren teoria azaldu du Teresa Gelardok, liberalismo teorikoaren (gerra ukatzen duena) eta liberalismo politikoaren (gerra egiten duena) arteko desadostasuna ulertzeko giltzarri gisa. “Teoria honen arabera, baldin eta egungo ordena demokrazian eta giza eskubideetan oinarritzen bada, hirugarrenek printzipio horiei mehatxu egiten baldin badie, indar armatua erabiltzea zilegituko du beti, ordena hori deuseztatzea edo desagerraraztea saihesteko”.

Teresa Gelardok NUPen egin zituen Soziologiako doktoretza-ikasketak. Ignacio Sánchez de la Yncerak eta Marta Rodríguez Fouz Soziologia Saileko irakasleek zuzendu zuten bere doktoretza tesia, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi zuen aho batez. Ikerketa egonaldiak egin ditu Frantziako Liburutegi Nazionalean eta Londreseko Unibertsitatearen Lege Ikasketa Aurreratuen Institutuan. Politika eta guztien ona liburuaren eta hainbat artikuluren egilea da. Duela bi urtez geroztik, Bostonen bizi da, eta bere tesia Harvardeko Unibertsitateko Widener Library-n amaitu zuen. Hurrengo ikasturtean, erakunde hartan hasiera emango dio bere doktoretza ondoko aldiari.