Joan eduki nagusira

Soziologiak azken 30 urteetan izan duen bilakaera eta zientzia-diziplina honek etorkizunean izango dituen lan-lerroak aztertuko dituzte Espainia osoko hainbat espezialistak eta ikertzailek uztailaren 1, 2 eta 3an Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Espainiako X. Soziologia Biltzarrean egingo da eztabaida hori. “Espainia: gizartea hogeita hamar urtetan zehar, soziologia hogeita hamar urtetan zehar” du izenburua biltzarrak, eta NUPeko Arrosadiko Campusean egingo da. Nafarroako Soziologia Elkarteak eta Unibertsitateak antolatu dute biltzarra.

Inaugurazio-ekitaldia uztailaren 1ean, ostegunean, egingo da, eta María Ángeles Durán Soziologiako katedraduna izango da bertan. Hitzaldi hau emango du: “Espainia orain dela hogeita hamar urte. Espainia 30 urte barru”.

Biltzarra Iruñean egingo da, Nafarroako Soziologia Elkartearen eskariz, beste hiriburuetara eraman nahi zuten beste lurraldeetako elkarte batzuekin lehiatu ondoren. Orain arte ondoko hirietan antolatu da: Zaragoza, Santander, Donostia, Madril, Granada, A Coruña, Salamanca, Alacant eta Bartzelona.

Espainiako X. Soziologia Biltzarreko Batzorde Antolatzaileko burua Teodoro Hernandez da eta ondoko kideak ditu: Luis Sarriés, Esther Casares, Jose María Sánchez Prieto, Carmen Innerarity, Juan José Lizarbe, Alejandro Navas, Neus Caparrós eta Nuria del Olmo. Emilio Lamo de Espinosa, berriz, Batzorde Zientifikoko burua da.

Lau simposium eta hogeita hamarretik gorako lan talde

Biltzarra egituratzeko lau simposium eta hogeita hamarren bat lan talde egongo dira eta haietan soziologiaren inguruko alderdi asko aztertuko dira. Hain zuzen, simposium horien gaiak ondoko hauek izango dira: “Espainia, gizarte industrialetik ezagutzaren gizartera”, “Tokiko desberdintasunak, desberdintasun globalak”, “Rolak, nortasunak eta bizimoduak” eta “Soziologia eta gizartea Espainian: gizartearen pentsaera hogeita hamar urtetan zehar”. Biltzarraren lan-taldeetako batek Nafarroako errealitate sozialean jarriko du arreta, eta hainbat gai aztertuko ditu, hala nola lan merkatua, inmigrazioa, gazteak, emakumeak eta kohesio soziala.

Espainiako Soziologia Federazioan lurraldeetako hamabi elkarte daude eta hogeitik gorako instituzio, unibertsitateko fakultate eta zientzia zein lanbide elkarte. FES elkarteak, gaur egun, Espainiako 3.000tik gorako soziologo biltzen ditu; Europako Soziologia Elkarteko kidea da, Internacional Sociological Associationekoa, eta hertsiki aritzen da lankidetzan Latinoamerikako Soziologia Elkartearekin.