Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak bi irakasleekin batera, erdian, bigarren bideokonferentzia hasi baino lehen.

Ikasleak bi irakasleekin batera, erdian, bigarren bideokonferentzia hasi baino lehen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniaritzako hainbat ikaslek Portugal iparraldeko animalia-ustiategien ezaugarriak ezagutu dituzte Bragançako Unibertsitatearekin egindako irakaskuntza-trukerako esperientzia baten bidez. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan sortu zen ekimena, Eskolaren nazioartekotze planaren barnean, eta ikasle nafar eta portugesek eskualde bakoitzeko ekoizpen-sektoreak konparatu ahal izan dituzte esperientziari esker.

Programa honetan parte hartu duten ikasleak Nekazaritza Ingeniaritzako laugarren ikasmaila bukatu berriak dira. Laugarren ikasmailako nahitaezko irakasgaietako bat da Animalia Ekoizpenaren Oinarriak. Ana Arana Navarro Animalia Ekoizpenaren Saileko katedradunak eta Kizkitza Insausti Barrenetxea Animalia Ekoizpenaren Arloko irakasleak ematen dituzte eskolak, eta irakasgaiak ingeleseko taldea dauka bigarren seihilekoan. Hain zuzen, talde horrek parte hartu du irakaskuntza-jarduera honetan.

Bi unibertsitateen arteko komunikazioa bideokonferentzien bidez egin da. Lehenengoa jardueraren hasieran egin zen, eta lan eredua zehazteko balio izan zuen. Unibertsitate bakoitzaren eskualdeko animalia-ustiategiak konparatzea zen ezarri zuten helburua. Bragançako Unibertsitatea kokatzen den eskualdean, ahuntz aziendaren ekoizpena oso hedatua dago, eta jarduera hori ustiategi txikien bidez garatzen da. Bestalde, ikasle nafarrek Nafarroako bi ustiapen mota erakutsi zizkieten kide portugesei: haragitarako ardi-aziendarena eta esnetarako ardi-aziendarena, azken hau gaztagintzara bideratua.

Ikasleek hainbat lan egin dituzte azken bi hilabeteetan, bi herrialdeetako ustiategiak konparatzeko. Jarduera honen emaitza bateratu zen ikasturte amaieran programatutako beste bideokonferentzia batean. Saioan, lanak azaldu eta galderak egin ahal izan zituzten zalantzak argitzeko.

Ana Arana Navarro eta Kizkitza Insausti Barrenetxea irakasleek oso ongi balioetsi dute irakaskuntza-esperientzia hau, ustiapen-motari buruzko ezagutzetan ez ezik, ekoizpen-kate osoari buruzko ezagutzetan sakondu baitute ikasleek. Hurrengo ikasturteari begira, programa mota hauek zabaltzea da helburua. Ildo horretan, Bordeleko Unibertsitatearekin –eskolak lankidetza hitzarmenak ditu unibertsitate horrekin– harremanetan daude antzeko ekimen bat bultzatzeko.