Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko titulazioetako ikasle berrietatik % 95ek aukeratu ahal izango dute zer hizkuntzatan egingo duten ikasketen zati bat, 2010-11 ikasturtetik aurrera. NUPen eleaniztasuna finkatzeko proposamen hori berriki onetsi du Gobernu Kontseiluak, eta xedea du graduko ikasle berrien hizkuntza gaitasuna hobetzea, aukera emanez irakasgai batzuk gaztelaniaz, euskaraz ete ingelesez egiteko.
Proposamen hori gaur, asteazkenean, ekainaren 16an, prentsaurrekoan aurkeztu du Jesús María Pintor Borobia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako errektoreordeak, graduko titulazioetako aurreinskripziorako bigarren epearen hasierarekin batera, epe hori bihar, ostegunean, hasi eta uztailaren 2an bukatuko baita. NUPen irakaskuntza eskaintza osoa, datorren ikasturterako, Europako Unibertsitate Eremura egokitutako graduko 16 tituluk osatzen dute, eta ikaspostu eskaera interneten bidez egin daiteke, www.unavarra.es webgunean.
Ikasleen hizkuntza gaitasuna hobetzea da Nafarroako Unibertsitate Publikoak datozen urteetan bete nahi dituen helburuetako bat, Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) ekarri dituen aldaketa kontzeptual eta metodologikoekin bat. 2010-11 ikasturtetik aurrera jarriko da abian eskaintza hori, ikasturte horretan eskainiko baitu Unibertsitateak lehenbiziko aldiz bere irakaskuntza osoa EUEra egokiturik. Xedea da graduko ikasketetan eleaniztasuna finkatzea.
Titulazioen arteko zeharkakotasuna erabiliz, era koordinatuan eskainiko dira gradu bat baino gehiagotan aldi berean ematen diren irakasgaiak, eta taldeak sortuko dira irakasgai bera titulazio bat baino gehiagoko ikasleei emateko. Horrek eraginkortasuna areagotuko du giza baliabideen aldetik, eta ahalbidetuko du irakaskuntza talde handiagoei eman ahal izatea hizkuntza ezberdinetan, irakasle gehiagoren beharra sortu gabe. Proposamen hori, hasieran, titulazioetako lehen bi seihilekoetan ezarriko da, eta hurrengo ikasturteetan graduetako irakaskuntza osoan finkatu nahi da.
Irakasgaiak eta graduak
Datorren ikasturteko irakaskuntza-eskaintzako gradu berrietatik 12tan 120 irakasgai gaztelaniazkoak dira, eta, aukeran, horietako 72 euskaraz eman ahal izango dira, eta 40 ingelesez. Eskaintza horrek eragina izango du graduko titulazio berri gehienetan, irakaskuntza eman ahal izango baita gaztelaniaz eta euskaraz, edo gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. 2010-11 ikasturtean ezarrita izango ez duten bakarrak izango dira Tuterako campusean eskaintzen diren bi titulazioak: Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza. Era berean, ez dira sartzen Haur Hezkuntzako Irakasle Gradua eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua, jadanik ematen baitira erabat bikoizturik gaztelaniaz eta euskaraz, eta ingelesezko eta frantsesezko irakasgaien eskaintza berariazkoarekin.