Raúl Ecay Torres, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren informatikaria eta Nafarroako Gurutze Gorriaren boluntarioa, Haitira joan da sei hilabeterako, pasa den urtarrileko lurrikarak kaltetutakoei etxebizitza bilatzeaz arduratzen den lankidetza humanitarioko talde batean informazio-kudeatzaile gisa lan egitera. Dauden beharrekin lotutako informazio guztia arin prozesatzea izango da bere lana, informazio hori lan-taldearen kide diren erakundeen eskura jartzeko. Hala, erabakiak zuzen hartzea lortu nahi da, eta laguntzak ahalik eta eraginkortasun handiena izatea eta herritarren benetako beharrei erantzutea. Larrialdietan erantzuna emateko eta Informatikan eta Telekomunikazioetan espezializatutako Espainiako Gurutze Gorriaren taldearen koordinatzailea da Ecay 2006ko azaroaz geroztik.
Raúl Ecay behin baino gehiagotan izan da Haitin misio humanitarioan. Joan den urtarrilean bi hilabeteko egonaldia egin zuen Haitin, urtarrilaren 12ko lurrikararen biktimei laguntzeko operazioan parte hartu duen Informatikan eta Telekomunikazioetan espezialitatutako larrialdietan erantzuna emateko taldearen arduradun gisa. Talde honek barne komunikazioak eta Interneteko konexioak ezarri zituen berriro, makro operazioa martxan jartzeko, eta orain berriro itzuliko da Ecay Haitira informazioaren kudeaketan eta erabileran aditu gisa lan egiteko. Horretaz gainera, 2004ko martxoan Erdialdeko Amerikako herrialde hartan errebolta sozial bat gertatu zelarik, telekomunikazioetan eta informatikan adituak ziren teknikarien talde bateko kide gisa joan zen hara. Laguntza humanitarioaren banaketa errazteko komunikazio sare bat zabaltzeko ardura zuen taldeak.
Raúl Ecay azaroa arte egongo da Haitin, eta nazioarteko laguntzaren hainbat alderdi koordinatzeko ardura duten hamabi talde tematikoetako baten kidea izango da. Zehazki, Ostatuari buruzko Talde Tematikoren kidea (Shelter Cluster). Etxerik gabe geratu diren herritarrei ahalik eta denbora tarte txikienean aterpea eta etxebizitza duina bilatzen laguntzea da taldearen egitekoa. Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Federazioak (FICR) koordinatzen du talde hau, eta arlo horretan lan egiten duten ehundik gora erakunde biltzen ditu, hala nola Nazio Batzuen agentziak, Gurutze Gorriaren edo GKEen kideak, bai Haitikoak eta bai atzerrikoak ere.
Taldearen kide guztiak koordinatzeko, FICRk diziplina-anitzeko taldeak bidaltzen ditu, eta talde horien helburua da erakunde ezberdinei taldean lan egiten laguntzea haien laguntza gehien behar duten lekuetan. Halaber, harreman zuzena dute laguntza-emaileekin, halako moldez non laguntza-emaile horiei azal baitiezaiekete funtsak zer jardueratara bideratu behar diren nagusiki eta zein erantzun-mota den eraginkorrena. Aldi berean, harreman estua dute Haitiko gobernuarekin eta kaltetutako herritarrekin.
India, Indonesia eta Haiti
Raúl Ecay Nafarroako Gurutze Gorriaren boluntarioa da 1992tik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) informatika zerbitzuan lan egiten du 2002tik. 2003ko abenduan izan zuen bere nazioarteko lehen esperientzia Indiako Gurutze Gorriaren boluntarioak hondamendietarako prestatzeko programa baten barnean larrialdietako komunikazioen arloan trebatzeko ikastaro batean. Ikastaro hau NUPen, Indiako Gurutze Gorriaren eta Espainiako Gurutze Gorriaren artean egindako jarduera bateratua izan zen. 2005eko martxoan, Indonesiako tsunamiaren biktimei laguntzeko operazioaren barnean hedatutako Nazioarteko Gurutze Gorriaren eta Ilargierdiaren taldean hasi zen lanean informatika sistemetan aditu gisa.