Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena ikerketarako errektoreordeak konpromisoaren Campusaren alderdi esanguratsuenak azaldu zituen

Alfonso Carlosena ikerketarako errektoreordeak konpromisoaren Campusaren alderdi esanguratsuenak azaldu zituen

Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordeak gaur goizean aurkeztu dute Konpromisoaren Campusa proiektua. Erakunde nafarra proiektu horrekin aurkeztu da 2010eko nazioarteko bikaintasun campusaren deialdira. NUPek bere bikaintasuna bultzatzearen aldeko apustua egin du ingurumenaren —arreta berezia eskainiz energia alternatiboen ereduari—, esparru sozialaren eta bere lurraldearen aldeko konpromisoaren bidez. Horretaz gainera, unibertsitateak Campus Iberus proiektuan parte hartu du, alegia, Ebro Ibarreko bikaintasun campusean. Proiektu horren burua Zaragozako Unibertsitatea da, eta Lleida eta Errioxako unibertsitateekin batera parte hartzen du NUPek proiektuan.

Jakina denez, Hezkuntza Ministerioak 65.000 eurora igo zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoari 2009ko Nazioarteko Bikaintasun Campuserako (CEI) Programaren deialdiaren barnean hasieran eman zion diru-laguntzaren zenbatekoa. Programa horri esker, NUPek kalitate-aipamen bat jaso zuen. Orduz geroztik, unibertsitatea lanean aritu da bere proiektua hobetzeko eta zehaztasun gehiagorekin aurkeztu ahal izateko aldeko balioespena jaso zuten alderdietan.

NUPek unibertsitate konprometitu, iraunkor, osasungarri eta solidario gisa egonkortu nahi du. Proiektua gaur aurkeztu zaio unibertsitate komunitateari. Haren laburpena www.unavarra.es/ceicompromiso webgunean ikus daiteke. Halaber, kanpaina bat abiatu da Facebooken, interesa duten pertsonek beren babesa eman diezaioten unibertsitateak bere Bikaintasun Campusa sortzeko aurkeztu duen proiektuari. Proposamena konpromisoaren kontzeptu nagusian oinarritzen da, eta unibertsitatearentzat giltzarri diren hiru esparrutan bideratzen da: ingurumena, energia berriztagarrien arloko lidergoaren bidez, eta campus iraunkor bat egonkortuz; esparru soziala, ikerketaren eta irakaskuntzaren bidez sendotuz gizarte ongizateko jarduerak eta gertakari sozial berriak; eta lurraldea, eskualde-garapena bultzatzen laguntzeko berrikuntzaren eta transferentziaren bidez.

Proiektuaren alderdi esanguratsuenetako bat da eskualdea garatzeko inplikazio sendoa. Horretarako, eskualdean, administrazio publikoaren laguntzaz gain, Unibertsitatearekin lankidetza handian jarduten duten enpresa eta erakunde pribatu asko bilatu dira. Proiektuaren konpromisoekin lotutako enpresa eta erakundeen hogei bat agregazio estrategiko ditu NUPek.

Testuinguru horretan, hauek dira nabarmentzen diren jarduerak: Konpromisoaren masterrei buruzko unibertsitatearteko nazioarteko programa, hainbat unibertsitaterekin lankidetzan; doktoretzako nazioarteko eskola, zeinaren helburua baita sareetan sartzea eta giltzarri izango diren aliantzak bilatzea; transferentzia kudeatzeko bulegoa, zeinak G9 taldeko unibertsitateekin akordioa sinatu baitu UNIVALUE sortu eta transferentzia elkarrekin kudeatzeko; talentuaren kudeaketa estrategikorako nazioarteko unitatea, zeinak beste unibertsitate batzuekin dituen harremanak egonkortuko baititu; eta Txinaren eta Amerikaren arteko nazioarteko merkataritzako eskola, zeinak aliantzak baititu Txinako hainbat unibertsitaterekin.


Jarduerak


zoom Julio Lafuente errektorea eta Alfonso Carlosena errektoreordea unibertsitate komunitateari proiektua azaltzeko aurkezpen-saioan

Julio Lafuente errektorea eta Alfonso Carlosena errektoreordea unibertsitate komunitateari proiektua azaltzeko aurkezpen-saioan

Gainera, Konpromisoaren Campusak jarduera batzuk ezarri ditu hiru esparru zehatzetan: irakaskuntza hobetzea eta Europako Unibertsitate Eremura (EUE) egokitzea, hobekuntza zientifikoa eta jakintza bestetaratzea, eta campusa transformatzea.

Espainiako lehenengo bost unibertsitateetako bat da NUP irakaskuntzaren kalitateari dagokionez. Halaber, EUEn erabat sartu da, eta horrek etengabeko hobekuntza bultzatzen du. Hauek dira garatuko diren jarduerak: Konpromisoaren Masterrei buruzko Unibertsitatearteko Nazioarteko Programa, ingurumenarekin eta ongizate sozialarekin loturiko prestakuntza programa batekin; Nazioarteko Doktoretza Eskola, talentua erakartzeko eta sortzeko gune gisa eta 2.0 Ikasgelategi Birtuala, zeinak irakasteko metodologia berriak indartuko baititu informazioaren gizartearen testuinguruan.

Arlo zientifikoari eta jakintza bestetaratzeari dagokienez, hamar urte baino gehiago igaro dira Unibertsitatea ikerketa-politika aitzindaria aplikatzen hasi zenetik. Bereziki nabarmentzekoak dira jakintza bestetaratzearekin zerikusia duten adierazleak, berresten baitute lurraldearekiko konpromisoa eta jakintza aberastasun bihurtzeko ahalegina. Jarduera-esparru honetan sartzen dira, hain zuzen, energia berriztagarrien Katedra, Agrobioteknologia Institutua (IdAB) –berrikuntza bio-iraunkortasunean–, ingeniaritza biomedikoko laborategia: ICTS irudi medikoa, THz-en eta IR-en laborategia (terahertzioak eta infragorrizko irradiazioa); berdintasunerako eta integrazio sozialerako ikerketa zentroa, eta transferentzia kudeatzeko bulegoa, zeina unibertsitate barnean kudeatuko baita eta G9 Taldeko beste unibertsitateekin batera.Campusaren aldaketari dagokionez, jarduera hauetan oinarritzen da Unibertsitatearen konpromisoa: irisgarritasunerako jarduerak eta barne kudeaketaren berdintasunerako jarduerak, eta irakaskuntzaren eta ikerketaren esparruari buruzko jarduerak. Hainbat jarduera proposatzen dira, hala nola Unibertsitatearen gizarte-erantzukizunerako Plana, campus iraunkorrerako ingurumen plana, Campus irisgarria guztientzat, eta ezgaitasuna duten pertsonen Autonomia eta bizi-kalitatea.


Espezializazio arloak


Ingurumenarekiko konpromisoa eta konpromiso soziala dira Campusaren filosofia definitzen duten bi espezializazio-arloak. Lehenengo kasuan, konpromisoa bideratuko da NUPek nazio mailan eta Europa mailan duen lidergoaren bidez, batez ere, energia berriztagarrien esparruan. Zehazki, energia mota honekin lotutako proiektuak bultzatu eta I+G+b arloan dauden zentroak sendotuko dira, bai eta graduondoak ere. Halaber, ingurumen-plan bat egingo da campus iraunkorra egonkortzeko eta campus hori balio gisa unibertsitate komunitatean integratzeko.

Konpromiso sozialari dagokionez, Unibertsitateak bere lidergoa sendotuko du nazio mailan eta Europa mailan erreferentzia bihurtzeko gizarte-ongizatearen esparruan, gertakari sozial berrien ikerketaren bidez. NUPek bete behar dituen aginduetako bat da eredu sozial, berdinzale, irisgarri eta iraunkorra garatzea erakunde barnean, bere graduen, graduondoen eta ikastegien eskaintzara hedatzen ahal dena. Bere eredua eta emaitzak beste unibertsitate batzuetan eta esparru sozialarekin lotutako erakunde eta enpresetan aplikatzen ahalko dira.


Nazioartekotzea


Nazioarteko Bikaintasun Campusa Zientzia eta Hezkuntza Ministerioen programa bat da, eta Estrategia Universidad 2015 planaren ardatz nagusietako bat. Plan honen helburu nagusia Espainiako unibertsitateak Europako hoberenen artean kokatzea da, espainiar unibertsitate sistema osoak bikaintasunerantz aurrera egiten duela eta nazioarteko testuinguruan sendotzen dela bermatuz.

NUPek bere proiektuan ezarritako helburua da Nafarroan munduan ezagutaraztea eta mundua Nafarroara hurbiltzea, eta zeregin horretarako proposatzen diren jarduerak dira, hain zuzen, talentuaren kudeaketa estrategikorako nazioarteko Unitatea, konpromisoaren esparruetan talentua nazioartekotzen laguntzeko, eta graduondoko Txina eta Amerikaren arteko nazioarteko merkataritzako Eskola egonkortzea.

NUP Nazioarteko Bikaintasun Campus bihurtzeak diziplina-anitzeko ikerketa-gaitasuna bultzatuko du, batez ere ingurunean aberastasuna sortzen duten esparruetan eta ingurumearekin eta gizartearekin zerikusia duten esparruetan, talentua erakarriko du, jakintza ingurukoei bestetaratzen lagunduko du, bai eta iraunkortasunean sakontzen, Nafarroa nazioartekotzen, eta jakintzaren gizartean integratzen ere.