Sami Naïr Paris 8 Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedradunak heldu den ekainaren 17an hitzaldi bat emango du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hitzaldian, globalizazioaren esparruan, kulturarteko elkarrizketak duen esanahia aztertuko du. NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatu du ekitaldia, sortu zeneko lehen urteurrenaren kariaz, eta arratsaldeko 19:00etan izango da Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: “Zer esanahi du kulturarteko elkarrizketak gaur egungo globalizazioaren esparruan?” eta, ondoren, eztabaida egingo da.
Biharamunean, ekainaren 18an, Sami Naïr NUPeko irakasle, ikertzaile eta ikasleekin bilduko da, eta topaketa horretara gonbidatuta daude Nafarroan inmigrazioarekin eta kulturartekotasunarekin lotutako gaiak lantzen dituzten erakundeak ere. Topaketa goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean egingo da Administrazio eta Kudeaketa eraikineko batzar-gelan.
Gonbidatutako hizlaria mundu mailako erreferentzia da kulturartekotasuna eta globalizazioaren eremuan. Sami Naïr, gainera, Paris 8 Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedraduna eta Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko irakasle-ikertzaile gonbidatua da, eta mundu osoko unibertsitateetan eman ditu hitzaldiak. Aljeriar jatorriko filosofo, soziologo eta politologo frantses hau kolaboratzailea da Frantziako eta Espainiako hainbat egunkaritan, esaterako, Le Monde, Libération, El País edo El Periódico, eta migrazioei, kulturartekotasunari eta garapenkidetzari buruzko argitalpen ugariren egilea da.
Sami Naïr, joan den mendeko 90. urteetako bigarren zatian, aholkularitza karguetan aritu zen Lionel Jospinen gobernu sozialistarekin. Kontseilaria izan zen Frantziako Barne Ministerioan 1997 eta 1998. urteen artean, eta 1999. urtera arte garapenkidetzarako eta nazioarteko migrazioetarako ministerioen arteko ordezkaria izan zen. Urte hartan Europar Parlamentuko diputatu hautatu zuten, non Pertsonen Eskubideen Atzerriko Gaietako, Erkidegoko Segurtasuneko eta Defentsa Politikako Batzordeko kide izan baitzen. Mashrek-eko herrialdeekin eta Pertsiar Golkoko estatuekin harremanak ezartzeko ordezkaritzaren buru ere izan zen.