Juan Carlos Iriarte Galarregui, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Seinalearen Teoria eta Komunikazioko irakaslea, eta Marta Tejada Jiménez ingeniaria, sarituak izan dira “Ingenieros de Telecomunicación” sarietarako XXX. Deialdian. Antolatzailea Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofiziala (COIT) izan da. Juan Carlos Iriartek ISDEFE Saria jaso du, Segurtasuna eta Defentsa arloko Doktoretza Tesi Hoberenarentzat, 2.400 euro egiten dituena, eta Marta Tejadak, berriz, COIT Saria, Telekomunikazioen Arauketa, Ekonomia eta Kudeaketa arloko Ikasketa Amaierako Proiektu Hoberenarentzat, 1.200 euro egiten dituena.
Juan Carlos Iriarteren doktoretza tesian, “Design fabrication and Measurement of EBG structures and their application in Antenna Field and Reflecting surfaces” izenburukoan, egitura periodikoen (EBGs) erabilera aztertzen da, antenen eta egitura islatzaileen erradiazio-ezaugarriak hobetzeko. Berak dioen bezala “doktoretza tesi honek laguntza ematen digu ulertzeko EBG (Electromagnetic Band Gap) teknologia alternatiba erreala dela teknologia arruntaren aldean, eta gainera bidea eskaintzen duela diseinu berritzaileak egiteko”.
Doktoretza ikerketan zehar Juan Carlos Iriartek parte hartu zuen satelitetarako antena baten diseinuan. Antena horri EBG teknologiakoa da eta zehaztasun handiko nabigazio sistemek behar dituzten baldintza guztiak betetzen ditu. Diseinua Europar Espazio Agentziak finantzatutako proiektu baten barruan egin zen, eta Kanadako MDA Corporation enpresaren lankidetzarekin. Enpresa hori merkaturatzen ari da orain aipatu antena.
“Europar Espazio Agentziarekin batera –dio Iriartek- EBGak aplikatu dira, halaber, mota berriko egitura islatzaile bat diseinatzeko, bidea ematen duena objektu bat ezkutatu eta radarrek ez atzemateko. Proposatutako egiturak hainbat abantaila eskaintzen ditu, esate baterako, geometria laua eta ibilgailuetan integratzeko erraztasuna”.
Era berean, EBGak erabili dira oso anitzak diren aplikazioetan, adibidez, antenak miniaturizatzea, errazteko haien integrazioa terminal mugikor batean, edo gisako gailuetan, eta antenaren erradiazio ezaugarriak hobetzeko.
Pribatutasuna ingurune adimentsuetan
Marta Tejadak Ikasketa Amaierako Proiektua domotikara zuzendu zuen, eta ingurune adimentsuetan erabiltzaileak pribatutasuna izateko eskubidea bermatzen duten mekanismoak bilatzera. Proiektua Munichen eman zituen bost hilabeteetan egin zuen, Siemens AG-rekin lankidetzan, CONNECT europar programaren barnean. Berak azaltzen duenez, gaurko egoeran, zerbitzu mugikor askoren artean (telebanka, bidaien antolatzailea, kokapen sistemak, osasunaren zaintza, berriak, eta abar), gero eta testuinguru informazio gehiago lagatzen dugunean prestazioak lortu ahal izateko “ulergarria da erabiltzaileak mesfidati agertzea aurrerapenei begira, ikusten ez badute haien pribatutasuna erabat zainduta dagoela”.
Marta Tejadak Betebeharren Protokolo bat garatu zuen, mekanismo automatizatuak ematen dituena zerbitzuen hornitzaileen eta erabiltzaileen arteko elkarrekintzak arautzeko. Aplikazio informatiko batek web server baten eta erabiltzaile baten arteko elkarrekintza simulatzen du, eta aipatu protokoloaren bidez arautzen du. “Diseinatutako sistema globalak behar den mailako babesa eskaini nahi du, erabiltzaileak zerbitzuen hornitzaileengan konfidantza izan eta haiekin elkarrekintza aritzeko modukoa”, dio Tejadak.
Hasierako fasean, erabiltzaileak pribatutasunerako lehentasunak ezartzen ditu, bere informazio pertsonala nola tratatu behar den, zertarako, eta nork izan behar duen hartarako sarbidea kontuan hartuz. Ondotik, aplikazioak zerbitzuarekin elkarrizketa egiten du eta erabiltzailearen pribatutasun lehentasunak jakinarazten dizkio. “Horrek hiru betebehar maila ezartzen ditu, irekienetik hertsienera, eta aplikazioak negoziatu egiten ditu zerbitzuaren hornitzailearekin. Hertsienarekin hasten da, eta, hornitzaileak onartzen ez badu, hurrengoak proposatzen dira. Hornitzaileak horietako bat onartzen badu, datuak lagatzen dira, eta elkarrekintza gauzatzen da. Maila irekiena onartzen ez bada, ez da inolako elkarrekintzarik izaten.
Prozesua bukatzeko, hitzarmen bat sinatzen da, datuak aditzera eman aurretik, eta horrela bermatzen da zerbitzuak errespetatzen dituela erabiltzailearen pribatutasun lehentasunak.
Azkenik, datuen lagapenari ondoko kontrol bat gehitzen zaio: jakinarazpen sistema baten bidez, hornitzalieak erabiltzaileari azaltzen dio zein den ezarritako lehentasunen betetze egoera, lehentasun horietako bat hautsiz gero, erabiltzaileak ezarritako neurriak hartu ahal izateko, alegia: lege-jarduerak abiaraztea, kexa bat aurkeztea, zerbitzuarri geroko elkarrekintzak ukatzea, eta abar. Erabiltzaileak edonoiz kontsultatu ahal du, modu argi eta gardenean, nola erabili den edo erabiltzen ari den bere informazioa.