Guztira 480 lagunek egingo dute azterketa aste honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian, frantses hizkuntzako ikasketen (DELF-DALF) diploma erdiesteko. Zenbaki honek 2009an eman zen ikasleen gorakada sendotzen du eta hizkuntza hori ikasteko dagoen gero eta interes handiagoa frogatzen du berriz ere. 2009ko ekainean guztira 427 ikasle aurkeztu ziren azterketetara; aldiz, 2008an 76 aurkeztu ziren. 2010ean aurkeztu diren ikasleen zenbatekoa guztira 503 da, zeren ekaineko 480ri otsailean DALF C1 azterketetara aurkeztu ziren 23ak gehitu behar baitzaizkio.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa da Frantziako Hezkuntza Ministerioaren DELF-DALF azterketen Azterketa Zentro Ofiziala 2007. urtetik, eta urteko deialdia egiten du ekainero. 2007ko lehen deialdi hartan 26 ikaslek egin zuten azterketa hauetan parte hartzeko matrikula, eta kopuru hori aurten ia halako hogei aldiz biderkatu da. NUP Azterketa Zentro Ofizial izendatu zutenetik, 1.057 ikaslek egin dituzte azterketa horiek.
Azterketak aste osoan zehar egiten ari dira Sario eraikineko hainbat ikasgelatan eta heldu den larunbatean, ekainaren 5ean, bukatuko dira. Ikasleak Nafarroako sare publikoko eta hitzartuko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetakoak, Foru Erkidegoko akademia pribatuetakoak eta beste erkidego mugakideetakoak dira. Bi azterketa mota dago –junior (18 urtera arte) eta helduentzakoa- eta Erreferentziako Europako Esparru Komuneko mailetan banatzen dira. Maila bakoitzean lau trebetasun balioesten dira: entzutezko ulermena eta mintzamena, eta idatzizko ulermena eta adierazpena.