Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak antolatutako mintegi batean unibertsitateen gizarte-erantzukizuna aztertuko da bihar, asteazkenean, ekainaren 2an. Jardunaldia 11:00etan hasiko da, Administrazio eta Kudeaketa eraikineko batzar-gelan. Hasiera ekitaldiaren buru izango dira Julio Lafuente López errektorea eta Jesús Irurre Arigita NUPeko Gizarte Kontseiluko burua.

Gizarte-erantzukizuna, alegia, bere barnean sarturik gardentasunez jarduteko konpromisoa, baliabideak era arduratsuan eta iraunkortasun irizpideekin erabiltzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bultzatu nahi dituen balioetako bat da, III. Plan Estrategikoan jasotzen den bezala. Horregatik, Gizarte Kontseiluak beharrezkotzat jo du mintegi hau antolatzea, NUPen kudeaketa ardurak dituztenek unibertsitate jardueraren ikuspegi hori sakonago ezagut dezaten.

Lehen hitzaldia Eduardo Garcíak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionaleko Berrikuntzako koordinatzaileak, emango du, unibertsitateek gizartearekiko duten erantzukizunaz aritzeko. Ondotik, aditzera emango dira Espainiako unibertsitateetan gizarte-erantzukizunari buruz garatu diren bi esperientzia. Bigarren hitzaldia Manuel Larránek, Cádizeko Unibertsitateko Enpresaren Ekonomia Saileko katedradunak, emango du, “Gizarte-erantzukizuna Andaluziako unibertsitate sisteman: dituen indarrak eta ahuleziak» izenburupean.

Azken ponentzia 13:00etan izango da. Santiagoko Unibertsitatean izandako esperientzia erakutsiko du, eta hizlaria izango da Dora Blanco Heras, Santiagoko Unibertsitateko Garapen iraunkorreko Bulegoko zuzendaria. Mintegia bukatuko da emaitzen irakurketarekin.