“Eboluzioa. Bi kulturen arteko zubia” da Nafarroako Unibertsitate Publikoak Laetoli argitaletxearekin lankidetzan argitaratutako azken liburuaren izenburua. Andrés Moya biologi eta filosofo valentziarrak idatzi du liburua, eta zientzia eta humanismoa hurbildu nahi ditu eboluzioaren teoriaren bidez. Liburu hau “Bi kulturak” bildumako 15. alea da, eta 22 eurotan dago salgai.
Zientziak oso urrun eraman du gizakia, eta unibertsoaren, materiaren, bizitzaren eta gizakiaren jatorriari eta eboluzioari buruzko planteamendu arrazional eta sinesgarriak egiteko gauza da. Baina zientzia ez da ezagutza positiboa bakarrik. Egilearen arabera, liburu honek pentsamendu biofilosofiko baten eta biologia teoriko baten osagaiak iradoki nahi ditu, bai eta zientzia oinarrizkoenen, gizarte zientzien eta giza zientzien arteko topagune natural bat adierazi ere. Eta topagune hori eboluzioaren teoria da.
Zubi baten metaforarekin hasten da liburua, alde banatan kultura mota bat duena (zientzia eta humanismoa) eta gizaldiz gizaldi zientzialariak humanistengandik bereizi dituena beren pentsamenduen garapenean gauzen, eta bereziki unibertsoaren, bizitzaren, gizakiaren eta buruaren jatorriari eta izaerari dagokienez. Andrés Moyak sintesi-bide bat proposatzen du, zientzia eta humanismoa uztartuko dituena, eboluzio biologikoa zientzia fisikoen, bizitzaren zientzien, gizarte zientzien eta giza zientzien arteko topagune gisa darabilen bide bat, “zeren bizitzak bere hedapenean haiek guztiak lotzen baititu hutsik egin gabe, bateratzera behartzen baitu, baterako gogoetara”.
Egilearen arabera, Charles Darwinen eboluzioaren teoria da topagune hori, eta azaltzen du esanez, biologia zientziaren eta giza zientzien kulturak bateragarri egiteko zubi ezin hobea dela dioen metaforaren harira, eboluzioaren teoria dela hurbilketa lan hori egiteko funtsezko txanpona. Moyaren iritzian, haren topagune naturala da.
Liburuak nabarmentzen du eboluzioaren teoria zientifikoaren garrantzia pentsamendurako, bai eta zientziatik harago dauden hainbat esparrutan ere. Finean, bizitza alderdi anitzetatik aztertzean datza, eta horrek iradokitzen du planteamendu bat, zeinaren arabera biofilosofiak kulturak elkarrengana hurbilduko baititu.
Andrés Moya (Valentzia, 1956) Biologian eta Filosofian doktorea da, eta Genetikan katedraduna Valentziako Unibertsitatean. Bere jarduera zientifiko eta intelektuala genetikaren, eboluzioaren eta filosofiaren esparruetan kokatzen da, eta ekarpen handiak egin ditu eboluzio esperimentalaren eta genomika ebolutiboaren arloetan. Teoria ebolutiboa eta pentsamendu ebolutiboaren garrantzia dira haren ikerkuntza jardueraren muina.