Joan eduki nagusira

zoom titulazioko ikasleak agintariekin batera

titulazioko ikasleak agintariekin batera

Ia hogeita hamar ikaslek parte hartu dute gaur, ostiralean, maiatzaren 28an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen duen Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze Sozialeko Aditu Titulu Berekiaren saio presentzial batean. Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez kudeatu den titulazio hau, Fundación Secretariado Gitanorekin sinatutako hitzarmen baten bidez, eta Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioak 2008ko PFEZaren kargurako diru-laguntzen deialdiaren bidez emandako laguntza ekonomikoarekin ematen da.

2009-10 ikasturte honetan estreinakoz eskaintzen den titulu honen xedea da pertsonak prestatzea ijito komunitatearekin aukera berdintasunen arloan (enplegua, hezkuntza, etxebizitza, osasuna, etab.), tratu berdintasunaren arloan eta bereizkeriaren aurkako borrokaren arloan esku hartzen duten taldeak eta programak kudeatzeko. Ikastaroa online modalitatean eskaini da beste erkidego batzuetako pertsonak sartu ahal izatea errazteko, baina prestakuntza NUPeko Arrosadiko campusean gaur eta bihar garatuko den topaketa presentzial bakar batekin osatzen da.

Topaketa gaur hasi da 11:30ean Sarioko 06. Gelan, inaugurazio ekitaldi batekin, zeinaren buru izan baitira Camino Oslé Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea; María Dolores Ruiz Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioko Gizarte Programen zuzendariorde nagusia; eta Pedro Puente Fundación Secretariado Gitano fundazioko lehendakaria.

Prestakuntza presentzialeko bi jardunaldi hauen programan hitzaldiak izango dira, non aztertuko baitira Espainiako komunitate ijitoaren gaur egungo egoera, kolektibo honi zuzendutako gizarte politika publikoak edo Hirugarren Sektorearen zeregina, kolektiboak jasaten duen desberdintasunari erantzunez. Lehen hitzaldiaren izenburua da “Espainiako komunitate ijitoaren gaur egungo egoera eta aldaketarako joerak”, eta NUPeko Gizarte Laneko Saileko zuzendaria eta Ijito Komunitatearekiko Esku-hartze Sozialeko Aditu titulazioaren zuzendari akademikoa den Miguel Laparra irakasleak eman du.

Ondoren, María Dolores Ruiz hizlariak ijitoen komunitateak jasaten dituzen desberdintasun egoeren aurrean administrazio publikoek eskaintzen dituzten gizarte politikak azaldu ditu. Goizeko saioari amaiera eman dio Javier Arza Gizarte Laneko Saileko irakaslea eta titulazioko koordinatzaile akademikoak, ikastaroaren azken fase honekin lotutako irakaskuntza alderdiak azalduz. Arratsaldean, Isidro Rodríguez Fundación Secretariado Gitano fundazioko zuzendariak honako hitzaldi hau eman du: “Hirugarren Sektorearen zeregina, ijitoen komunitateak jasaten duen desberdintasun egoerari erantzunez”.

Biharko saioan, maiatzaren 29an, Nidhi Trehan, London School of Economist and Political Science eskolako irakasleak parte hartuko du, eta emango duen hitzaldiaren izenburua honako hau da: “Ijitoen komunitateen identitate etnikoa eta ordezkaritza politiko-instituzionala Europan”. Bestalde, NUPeko Gizarte Antropologiako irakaslea den José María Uribek honako hitzaldi hau emango du: “Kultura faktoreak hartzea ijitoen komunitatearen desberdintasunaren aurkako borrokan”.