Joan eduki nagusira

zoom Ikasle bat ordenagailu eramangarria erabiltzen Tuterako Campuseko liburutegian.

Ikasle bat ordenagailu eramangarria erabiltzen Tuterako Campuseko liburutegian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen % 75ek eta ia ikasle guztiek erabiltzen dute NireIkasgelategia. Unibertsitateko komunitateko kide guztiei irekita dagoen plataforma horren bidez irakasgaiak eta azterketak kontsultau ahal dira, komunitate tematikoak antolatu informazioak trukatzeko eta dokumentazioa gorde eta partekatu. Tresna hori, orain dela urte bat sortu zena, ikasgelategi birtualaren kudeaketa hobetzeko proiektu aitzindari baten barruan dago, muduko hainbat unibertsitateren lankidetzarekin garatua. Irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko online kanal hori berariaz prestatu da goi mailako hezkuntzarako. https://miaulario.unavarra.es da haren sarbidea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskola ematen duten irakasleak 900 inguru dira, eta haietatik 688k erabiltzen dute plataforma hori irakaskuntza ofizialeko ikastaroetan. Horiei gehitu behar diegu irakasleen % 15, oraindik aurreko teleprestakuntza sistema (WebCT) erabiltzen duena, eta NireIkasgelategia plataforman datorren ikasturtean erabat integratuko dena. Ikasleei dagokienez, ikasketa ofizialetan ia % 100 dira Nire Ikasgelategia erabiltzen dutenak.

Plataforma ezartzeko aldi honetan, NireIkasgelategiaren bidez irakaskuntza ofizialeko 1.390 ikastaro eman dira. Horietan 603.000 bisita izan dira eta 964.000 fitxategi kargatu dira behera; 428 proiektu sortu dira, irakaskuntzarekin, ikerketarekin eta unibertsitate zabalpenarekin lotutako lanak garatzeko. Gainera, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak plataforma erabili du 132 ikastarotan, eta Esperientziaren Ikasgelak beste 80tan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, azken bi ikasturteetan ia hirurogei prestakuntza ikastaro eman ditu irakasleei zuzenduak, NireIkasgelategiari buruz. Haien ardatza izan da plataforma erabiltzea irakaskuntzarako laguntza gisa, irakasgaien edukiak egokitzea eta berrantolatzea, eta kudeaketarako eta irakaskuntzari laguntzeko tresnak erabiltzea. Denbora honetan, ia 500 irakasle agertu dira informazio saioetara, plataforma birtualaren erabileran trebatzeko.

NireGunea, ikastaroak, komunitateak eta proiektuak

NireIkasgelategia unibertsitate komunitateko kide guztiei zuzentzen zaie, irakasleak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak barne, eta NUPeko informatika zerbitzuetan erabiltzen dituzten erabiltzaile eta pasahitz berarekin sartzen ahal dira. NireIkasgelategian erabiltzaile bakoitzak NireGunea izeneko leku pertsonala dauka, eta, horren barnean, norberak bakarrik erabiltzeko tresnak, sarbide esklusibokoak. Halaber, aukera ematen du webgune pertsonalizatuak sortzeko, sarbide kontrolatukoak, talde-lana egiteko eta edukiak argitaratzeko.

NireIkasgelategiak tresna multzo handi bat jartzen du erabiltzaile guztien esku, edukiak argitaratzeko, komunikatzeko eta kudeaketa egiteko. NireIkasgelategian, erabiltzaile bakoitza, bere profilaren arabera, modu korporatiboan sortu eta administratzen diren gune batzuetako kide da (ikastaroak eta komunitateak). Gainera, aukera ematen zaio gune berriak sortu eta administratzeko (proiektuak eta komunitateak), bere irakaslana, ikertzaile-lana eta zerbitzu-lana egiteko, NUPen eta kanpoan.

Ikastaldeak dira NUPeko irakaskuntza eskaintzaren irakasgai bakoitzari esleitzen zaizkion webguneak, eta horien edukia irakasleak edo irakastaldeak kudeatzen du; bestalde, sarbidea eta bertan argitaratzen diren edukiak gune horietan matrikulatutako ikasleentzat bakarrik dira.

Komunitateak erabiltzaile-taldeak edo interes-taldeak dira, modu korporatiboan sortuak edo erabiltzaileek berek sortuak, beren kideen artean komunikatzeko eta lankidetzan aritzeko. Bereziki aipatu behar dira NUPeko ikastegiei eta titulazioei esleitzen zaizkien komunitateak, bai eta abonatuen komunitateak ere, esaterako, ikasleenak, ikasle ohienak, nazioarteko mugikortasunekoak, lankidetzakoak, kultura jardueretakoak, kiroletakoak edo hizkuntzetakoak, besteak beste.

Proiektuak online inguruneak dira, edozein gairi buruzkoak, bereziki prestatuak edukiak argitaratzeko, komunikatzeko eta kudeaketa egiteko, eta edozein erabiltzailek edo erabiltzaile-taldek du ahalmena horiek sortu eta kudeatzeko.