Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa Nanoteknologian Hasteko II. Jardunaldien agertokia izango da aste honetan. Nafarroako Nanoteknologiaren Arloko Ikerketa eta Garapenerako Fundazioak (FideNa) antolatu du, eta Nafarroan arlo honen merkatua, garrantzia eta perspektibak aztertzea du xede. Jardunaldiak maiatzaren 25, 26 eta 27an izango dira eta nanoteknologia zer den, etorkizunean beren jarduerei nola eragin ahal dien eta enpresei epe ertain eta luzera zer aukera eskaintzen dien ikusteko interesa duten profesionalei zuzenduta dago.

Zein diren materiaren propietate berri hauek, nola lan egiten den nanoteknologian, zein aplikazio dauden jada abian, zein diren arriskuak edo nola eragingo duen nanoteknologiak ekonomia-sektore bakoitzean dira jardunaldi hauetan azalduko diren galderetako batzuk. Hasiera ekitaldia bihar, maiatzaren 25ean izango da arratsaldeko 18:00etan Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzan. Hizlariak izango dira José María Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, Rafael Muguerza Nafarroako Gobernuko Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte Zerbitzuko zuzendaria, eta Javier Tejada Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean eta 2006ko Kulturako Vianako Printzea Saria.

Hurrengo bi jardunaldiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jerónimo de Ayanz I+G Zentroan dagoen Centro Principiatech Navarran garatuko dira. 26ko saioan, funtsean, sektore honen bilakaera aztertuko da historiaren ikuspegitik, ikusiko da zientziaren adar guztiek bat egiten dutela nanoteknologiarantz, eta merkatuan dituen aplikazioetako adibideak eskainiko dira. Maiatzaren 27 ostegunerako programatuta dagoen hirugarren eta azken jardunaldiak izaera praktikoa izango du erabat. FideNak duen jarduteko modua ezagutzera emango du energiaren edo nekazaritzako elikagaien sektoreetako adibide praktikoen bidez eta, ikastaroa amaitzean, bertaratutakoei aukera emango die nanoteknologiak beren industria-jarduerarako eskaintzen dituen aukeren banakako azterlana egiteko.

Nafarroako Nanoteknologiaren Arloko Ikerketa eta Garapenerako Fundazioa (FIDENA) honako hauek osatzen dute: Sociedad de Desarrollo de Navarra (Sodena) enpresa publikoa, eta Principia Technology Group Inc, estatu batuar nazionalitateko sozietatea, Massachussets Institute Technology-ko irakasle talde batez osatua, eta Henry I. Smith doktorea lehendakari duena, izan ere, nanoteknologiaren garapenean eta ikerketan aitzindaria eta gai hau aztertzen duen zientzialaria da, nazioartean ospe handiena dutenetako bat. FIDeNAk Centro Principiatech Navarra du NUPen, nanoteknologiaren ikerketan eta garapenean erreferentzia bihurtzeko asmoa duena nazio mailan.